Sitab, digitalizazioarekin arrakasta lortu duen barne-espazioen fabrika

0

Itziarren kokatutako enpresa da Sitab, eta digitalizazioaren ezarpena da haren arrakastaren arrazoia. Barne-espazioak bereizteko horma desmuntagarriak egiten ditu, eta urteko fakturazioa % 21 handitu du, prozesuak digitalizatzeko egindako apustu argiaren ondorioz. Gipuzkoako enpresak SPRI Taldearenadimen artifizialeko programaren laguntza jaso du. Hain zuzen ere, programaren helburua da Euskadiko enpresetan AAren erabileran oinarritutako proiektuak babestea. SPRI Taldeak haien proiektuak ezagutzera emateko aukera ematen die euskal enpresei, “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Enpresa 2006an sortu zen, sortzaileetako batek sektoreko beste enpresa batean hamar urtez lan egin ondoren. “Hobetzeko gauza asko zeudela ikusi nuen, eta pausoa eman nuen. Sektore honetan, fabrikatzaileak merkaturatzen eta instalatzen zuen produktua. Nire ideia hobeto diseinatzea eta fabrikatzea zen, gero banatzaileen bidez merkaturatzeko. Eta banatzailea izan dadila produktua merkaturatzen eta instalatzen duena, hori ez baitzen egiten”, azaldu du Xabier Agirrek, fundatzaile eta gerenteak.

Bizkaiko Berriatua herrian sortu zen enpresa, 475 metro koadroko pabiloi txiki batean. Hasieratik, barneko espazioak bereiztera bideratu da, nagusiki bulegoetan. “2007an milioi bat euro fakturatu genuen, eta 2008an hona etorri ginen, Itziarrera”, aipatu dute Agirrek eta Joseba González (bazkidea GIPen, Sitabez geroztik sortutako enpresan) eta José Ángel Gallardo (hau ere GIPeko bazkidea eta IT arduraduna Sitaben) zuzendariek.

2012an aldaketa bat gertatu zen, enpresaren etorkizuneko arrakasta markatu zuena. “Enpresa digitalizatzeko beharra ikusi genuen. Alde batera utzi genituen tresna komertzialak, eta enpresaren barruan informatika sail bat sortzearen alde egin genuen, gure beharrak neurrira garatzeko”.

“Une horretatik aurrera, tresnak neurrira diseinatzen eta programatzen hasi ginen, eta hurrengo hiru urteetan gurea zen sistema eragile osoa. Hortaz, orduko produktibitatea-fakturazioa % 27 hobetzea lortu genuen. Eta, bulego teknikoan, hobekuntza % 56koa izan zen. Lehiakorrak eta errentagarriak gara, lehia handia dagoen sektore batean”.

2019an enpresak bere ERP propioa zuen. Hala, GIP (Gestión Integral de Procesos; euskaraz, prozesuen kudeaketa integrala) enpresa sortu zuten, beste enpresa batzuei kudeaketa integralerako sistema bat eskaintzeko helburuz. “Enpresen fabrikazio-prozesuak digitalizatzean datza, arotzeriatik hasi eta makina-erremintara. Era honetako produktu batean lehiakorrak izateko sekretua digitalizatzea da. Ezin da nagia izan eta enpresa handiei bakarrik dagokiela pentsatu. Norabide horretan egin behar dute aurrera enpresa txikiek”.

Sitabek eskaintzen duen produktua horma desmuntagarriak dira. “Neurrira egiten ditugu, gure banatzaileek eskatzen dizkiguten proiektuetan oinarrituta. Eskaripean lan egiten dugu”. Zerbitzuen sektoreko bulegoek osatzen dute merkatu nagusia, baina laborategientzat, ospitaleentzat, egoitzentzat… ere egiten dute lan. Produktuen % 80 beira da, aluminiozko profilekin. “Guk fabrikatu baino ez dugu egiten. Banatzaileak arduratzen dira merkaturatzeaz eta muntatzeaz”.

Iaz ia 8 milioi euro fakturatu zituzten, 2022an baino % 21 gehiago. Hortaz, hazkunde ikusgarria izan zuten. 40 langile dituzte bi enpresen artean. I+G arloko inbertsioak giltzarria dira enpresarentzat, eta negozioaren % 3 eta % 4 artean dagokie. “Azken urteetan, I+G arlora eta 4.0 fabrikazioko inbertsio teknologikoetara bideratzen ditugu urteko baliabideen % 12-13. Produktibitatea % 50 hobetu da”.

Esportazioak

Sitabek ia 170.000 metro koadro horma fabrikatzen ditu urtean eta, Europa mailan, produktu horren sei fabrikatzaile nagusien artean dago. “Fabrikatzaileak bakarrik garenez, munduko txoko guztietara saltzen dugu. Ondorioz, mendekotasun txikiagoa dugu, eta bezerorik onena ez da iristen gure negozio-bolumenaren % 10era”. Fakturazioaren % 38 esportazioei dagokie. Batez ere, Europara, Afrikara, Ipar Amerikara, Hego Amerikara eta Ekialde Ertainera esportatzen dute.

Fabrikazioan materialak aprobetxatzeko eta fabrikazioa optimizatzeko erabili dute SPRI Taldearen Adimen Artifizialeko programaren laguntza. Gainera, Hazitek proiektu bat aurkeztu dute, BiltegIA izenekoa. “Hodeian dagoen konfiguratzaile tarifikatzaile bati, Quickprice izenekoari, adimen artifiziala aplikatzean datza. Gure banatzaileek proiektuak baloratzeko erabiltzen duten tresna bat da eta, hainbeste hazi da, ezen emandako datuen kudeaketa hobea behar baitugu, hornidura eta baliabideak kudeatzeko orduan aurre hartu ahal izateko. Beste era batera esanda, saldu aurreko kudeaketa”.

“Une honetan, arrakastaz hiltzea da gure arriskurik handiena. Bi urte daramatzagu merkatuari eraso egin gabe; aldiz, defentsiban gaude, eskariei erantzuten. Eskariei aurre hartzeko beharra dugu”. Izan ere, sektore horretan 2 eta 4 aste artekoak dira entrega-epeak, eta lehengai batzuek epe luzeagoak dituzte.

Programa hori garatzea eta fabrikazio-prozesu guztiak hobetzen jarraitzea da etorkizuneko erronka nagusia. “Prestatutako eskarientzako biltegi automatiko bat dugu buruan, azkarragoa izan dadin”. Datozen 5 urteetan egungo fakturazioa bikoiztuko dutela eta 16-17 milioira iritsiko direla aurreikusten dute.

Eta beste erronka bat ingurumena da. “9 urte daramatzagu ekonomia zirkularreko ziurtapenekin, eta iaz C02 neutroko enpresaren ziurtapena lortu genuen. Hornidura guztia 0 Km-koa da, hau da, 60 kilometroko erradioaren barruan egiten da erosketa-bolumenaren % 97”.