Gazako herritar zibilak pairatzen ari diren tragedia aztertu du UPV-EHUk EHUgune eztabaida foroan

0
Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Barbara Ruiz UNRWAko (Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) Euskadiko ordezkariarekin eta Issam Abushammala Gazako Al-Azhar Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakaslearekin batera. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.
PRUEBA

“Gaza: unibertsitatea eta krisi humanitarioak” izenburupean, eta Euskal Herriko Unibertsitateko EHUgune topaketa eta eztabaida foroak antolatuta, mahai inguru bat egin zen atzo Ekialde Hurbilean gertatzen ari den gatazka eta Gazako Zerrendako herritarrak pairatzen ari diren okupazio tragikoa aztertzeko.

Ekitaldian parte hartu zuten UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreira, eta UNRWAren (Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) Euskadiko ordezkariak, Bárbara Ruiz. Ondoren mahai ingurua egin zen, eta bertan izan ziren María Dolores Bollo, Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historikojuridikoak eta Pentsamendu Politikoaren Historia saileko irakaslea, eta Irantzu Mendia, Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakaslea, biak Euskal Herriko Unibertsitatekoak. Moderatzailea Noé Cornago izan zen, euskal unibertsitate publikoko irakaslea. Aipatzekoa da ekitaldian Issam Abushammala egon zela, Gazako Al-Azhar Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakaslea.

Errektoreak gogorarazi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak Bakearen Defentsaren aldeko Adierazpena eman zuela argitara 2023ko azaroaren 17an, Gazan eta munduko beste leku batzuetan gertatzen ari ziren gertakari larriak zirela eta. Era berean, adierazi zuen “unibertsitateak exijitzen duela amaiera ematea berehala Gazan gertatzen ari den giza eskubideen urraketari, eta erabat errespetatzea nazioarteko zuzenbidea eta arau humanitario guztiak. Erabat beharrezkoa da baita ere errespetatzea Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakia, eskatzen diona Israeli har ditzala genozidioa eragozteko neurriak”.

Errektoreak eskerrak eman zion UNRWAren Euskadiko ordezkari Bárbara Ruizi ekitaldian egoteagatik, eta adierazi zion euskal unibertsitate publikoaren nahia dela lankidetza esparru bat ezartzea Nazio Batuen agentzia horrekin, Palestinako herritarrekiko elkartasuna eta konpromisoa sustatuko duen lankidetza.

Bestalde, UNRWAren Euskadiko ordezkari Bárbara Ruizek enklabeko egoera tamalgarriaren deskribapena egin zuen: biztanleriaren % 80 baino gehiago desplazatuta dago eta gosetea heldu da. “Laguntza ez da nahikoa eta tantaka sartzen da. UNRWAri finantzaketa eteten bazaio, ondorioak negargarriak izango dira. Gure agentziaren aurkako kanpaina bat dago, gertatzen ari denaren lekuko delako: azken batean, zuzenbide humanitarioa deuseztatzea ekarriko luke. Behin betiko su etena eskatzen dugu, eta herritarren beharrak asetzeko behar besteko laguntza sartzea”.

Ondoren, mahai ingurua egin zen, UPV/EHUko bi irakasleekin. María Dolores Bollok aztertu zuen Israelek emandako erantzun armatua Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako atentatu terroristen aurrean, eta esan zuen gogoratu behar dela “Israelek ez dituela bete ezinbestekoak diren baldintzak batzuk Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluak emandako erantzuna berma dezan. Praktikak erakusten du erantzun hori ez dela eraginkorra, eta are gutxiago horrekin batera ez badoa inteligentziaren, poliziaren eta justiziaren arloan beharrezkoa den nazioarteko lankidetza, eta ekintza terroristetarako haztegi diren kausak desagerrarazten ez badira”.

Bestalde, Irantzu Mendia Azkue irakasleak Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan menderatzea nola gauzatzen den aipatu zuen, ideologia kolonialak eta Mendebaldean fundamentalismo sionistaren ideien hedapenak ezarritako lidergo kulturalen bidez. “Domeinu kulturalaren aldeko borrokan erabakitzen da zer kontzeptu, balio eta sinesmen nagusitzen diren, eta, horrekin batera, ze praktika justifikatzen diren. Gazako hezkuntza eta kultura azpiegiturak suntsitzeak Palestinako Zientzia eta kultura ondarea ezabatzeko eta proiektu sionistaren lidergo kulturala sendotzeko asmoa du. Gerra kulturalaren estrategietako bat gezur instituzionalizatua da, Ignacio Martín-Barók errealitatea sistematikoki ezkutatzeari buruz sortutako kontzeptua». Irakasleak gatazka honen inguruan lagun/etsai identitateen eraikuntza soziala gezur instituzionalizatuaren zati gisa kokatu zuen.

Entzuleak parte hartzeko txandan Issam Abushammalak hitz egin zuen, Gazako Al-Azhar Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakasleak. Abushammala irakasleak eskerrak eman zituen elkartasun ahaleginengatik eta, besteak beste, jardunaldira joandakoek emandako babesagatik: “Palestinara itzuli nintzen bake prozesuan sinistuta, eta orain nire galdera da, Rafahn jarraitzen duten hainbat seniderengan pentsatuz, bizirik ala hilda dauden. Dagoeneko ez dago leku segururik Gazan”.

UPV/EHUk gezurtatu egin du Zibersegurtasunari buruzko hitzarmena delaeta zabaldutako informazioa 

Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Guillermo Quindósek ere parte hartu zuen eztabaidan eta jendaurrean gezurtatu zuen hedabide batean argitara emandako informazioa, zeinaren arabera UPV/EHUk Zibersegurtasuneko Katedra sortu duen Tel Aviveko Unibertsitatearekin eta armadari lotutako aditu batekin elkarlanean. Errektoreordeak zehaztu zuen euskal unibertsitate publikoak lankidetza bakarra ezarri duela katedra hori sortzeko, eta izan da INCIBErekin, Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren erakundearekin: “Ez dago bestelako lankidetza pertsonal edo instituzionalik hitzarmenean. Katedrak UPV/EHUk sortu du ministerioarekin elkarlanean, eta ez Israelgo edo beste herrialde bateko unibertsitate batekin elkarlanean”.