Berrikuntza eta mugikortasun konektatua Bizkaian salgaien errepideko garraioa hobetzeko

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) eta Bilboko Portuko Agintaritzak (BPA) berrikuntzako proiektu pilotua jarri dute abian Bizkaiko salgaien errepideko garraioaren sektoreari zuzenduta, batez ere portuko jarduerari, segurtasuna eta efizientziak hobetzeko helburuarekin.

Proiektua Bizkaia Connected Corridor (BCC) ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen publiko-pribatu honetan enpresek mugikortasun autonomo, konektatu eta kooperatiboko teknologia aitzindariak (CCAM) eta azpiegitura adimendunak probatzeko aukera dute. Horrela Bilboko Porturako sarbideak BCCri lotutako C-ITS zerbitzuen hedapen-eremuan sartuko dira, foru-errepideen sareko koordinazioa hobetuz.

Irtenbide honek, alde batetik, konektatutako ibilgailuaren esparruko teknologia berritzaileak eta, bestetik, BCCren esparruan BFAk ezarri dituen sistema kooperatiboak eta BPAk inplementatu duen plataforma digitalaren bidez (epuertobilbao) errepideko erabiltzaile garraiolariei eskainitako zerbitzuen bilakaera biltzen ditu.

2023ko irailean hasitako proiektuak bi fase osatu ditu:

  1. 2023an zehar, BCCren estaldura Bilboko portura sartzeko errepidera (N-644) eta porturako sarbideetara hedatzeari ekin zitzaion, horretarako RSU (Road Side Unit) antenak instalatuz; era berean, Portura iristen diren ibilgailuen ibilbideko posizionamendua denbora errealean monitorizatzeko zerbitzuak ezarri ziren. Sistema honek aukera emango du portuaren okupazio-maila aurreratzeko eta itxaronaldi luzeak saihesteko abisuak sortzeko.
  2. 2024. urte honetan Bilboko Portuko aplikazio mugikor ofiziala berritzeari ekingo zaio, jarduneko eta bidean dauden ibilgailuentzat foru-errepideen sareko gertaera eta gorabeherei buruzko informazio-zerbitzu bat sartuz. Garraiolariei aukera emango zaie bidean daudela sarrera-erregistroa aldatzeko, produktibitatea optimizatzeko eta denbora errealean bidaiaren baldintzetara hobeto egokitzeko. Portura sartzeko leihoen kudeaketa optimizatzeak aukera emango du garraiolariei zein zamaketariei eskainitako zerbitzua hobetzeko.

Sistema gaur egun proba-fasean dago. Fase honen barruan datozen asteetan hautaketa-prozesu baten ondoren zein garraiolarik parte hartu behar duen erabakiko da; prozesu honetarako oinarri arautzaile batzuk prestatu dira irizpide objektiboetan oinarrituta.

Parte-hartzaile hauek nahitaez bete beharko dituzte eskatutako zerbitzuak eta prestazioak, aurreikusitako baldintzetan eta epeetan. Era berean, egindako zerbitzu, lan eta prestazioengatik ordainketa jasotzeko eskubidea izango dute, bai eta informazioa eta datuak lagatzekoa ere, eta datu horiek BPAren jabetzara pasatuko dira.