Ireki da Lamiako itsasadarreko bulebarraren lehen tartea

0

Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du zerbitzuan itsasadarreko bulebarraren lehen tartea, zeinak Lamiako auzotik (Leioa) Altzaga auzora (Erandio) bitarteko hiru kilometroak zeharkatzen baititu. Lehen tarte hau eraikitzeko lanak iazko ekainean hasi ziren, eta 9,9 milioi euro inbertitu dira.

Bulebarraren lehen tartearen ibilbidean, sei hegal-tarte egin dira, errepidearen plataforma obra gauzatzeko nahikoa ez zen eremuak zeharkatzeko. Hegal-eremu horiek 216 metro lineal hartzen dituzte guztira, eta hainbat teknika erabili dira horiek eraikitzeko; besteak beste, kontrapisua duten lauzak, mikropiloteak lehendik zegoen plataforman eta harriaren gaineko piloteak itsasadarrean.

Lamiako eta Altzaga arteko bulebarra eraikitzeko proiektua idaztean, gainera, kanpaina geotekniko bat egin zen, jarduketa egingo zen lurzoruak sakonki ezagutzeko. Kanpaina horretan bederatzi zundaketa geotekniko egin ziren, eta geo-radarrez egindako 17 profil.

Bigarren fasea

Aldi berean, lehen tarte hau zerbitzuan jartzearekin batera, bulebarraren bigarren faseko lanak egiten jarraitzen dugu, Altzagatik Elorrietaraino (Bilbo) doan tartean. Aurreikuspenen arabera, bigarren fase hau datorren urteko maiatz aldera amaituko da, 20 hilabeteko lanak eta 18,3 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

Hala, itsasadarreko bulebarra guztiz osatuta egongo da, eta Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezko eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu, 6,5 kilometroko ibilbide batekin, egungo BI-711 errepidean. Orobat, bulebarra ezkerraldearekin konektatuko da, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako All Iron zubiaren bidez. Hala, bi azpiegiturek metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dute.

Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metro zabaleko bizikleta-bide bat izango da. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Berebat, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera uzteko.