51 familiak jaso dituzte Eusko Jaurlaritzak Arrasaten egin dituen alokatzeko etxebizitza publiko berrien giltzak

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Alokabide sozietate publikoaren bidez, aste honetan eman ditu Jaurlaritzak Arrasaten eraiki dituen alokatzeko 51 etxebizitza publikoak.

Etxebizitzak birgaitze-lanetan murgilduta dagoen Zerrajerako eremuan kokatuta daude.  Visesa sozietate publikoak eraikitako etxebizitza berrietako 33k bi logela dituzte –hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak– eta gainerako 18 etxebizitzak hiru logelakoak dira. Etxebizitzak eraikitzen 7,5 milioi euroko inbertsioa egin da.

Aste honetan etxe berrien giltzak jaso dituzten berrogeita hamar bizikidetza-unitateak esleipendun izan dira baldintza batzuk betetzen dituztelako, horien artean, Etxebiden herrian bertan edo inguruko batean (Debagoieneko eremu funtzionalean) alokairuko etxebizitza-eskatzaileak izatea, Arrasaten erroldatuta egotea (eskatzaileetako bat gutxienez), aurreko bi urteetan jabetzan etxebizitzarik ez izatea, urteko diru-sarrera haztatuak 9.000 eurotik 39.000 eurora bitartekoak izatea (mugikortasun urria edo ezintasun psikikoa duten pertsonen, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan izan ezik) eta bizikidetza-unitateak sei pertsona baino gehiago ez izatea. 19 etxebizitza 36 urtetik beherako gazteen kupoari erantzuteko utzi dira.

Sustapen horrez gainera, Etxebizitza Sailak alokatzeko beste 70 BOE ditu eremu berean.  Era berean, alokatzeko hamabi zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari dira, lehentasunez gazteentzat, Sindikatuen Etxea izenekoan, Garibai kalean, eta eraikuntza lanak aurreratuta daude. Eusko Jaurlaritzak alokatzeko 356 etxebizitzako parke publikoa du Arrasaten, eta horiei batu behar zaizkie partikularrek, hileko kanon baten truke, eta alokairu eskuragarrian etxebizitza behar duten pertsonen eskura jartzeko, Bizigune programaren bidez lagatako beste 125. Etxebide etxebizitza-zerbitzuak etxebizitza publiko bat eskatzen duten 635 eskatzaile ditu bere erregistroan, horien % 87 alokairu-erregimenean.