- Jardunaldiek (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako euskal estrategiarekin harremana duten gaiak jorratzen ditu
- Izena emateak apirilaren 12a arte egin ahalko dira
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen eta Hegoa Institutuaren artean Gizarte-eraldaketarako hezkuntzari buruzko VII jardunaldiak antolatuko dituzte apirilaren 17an, 9:00etan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. “Mugimendu sozialen eta GGKen arteko artikulazioaren erronkak gizarte eraldaketan” jardunaldiek hausnarketaren eta elkarren arteko ikasketaren bidez, subjektu kritikoak sortzeko eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzak dituen erronkei aurre egiteko balioko dute.
Bai GGKEek baita gizarte mugimenduek ere, arreta berezia jartzen dute subjektu kritikoak sustatzeko, balio eta jarreren aldaketa sozial bat egon dadin. Hori da, hain zuzen, (H)ABIAN 2030 Gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiaren indar-ideietako bat.
Zentzu horretan, jardunaldiei hasierako hitzaldia gizarte mugimenduen eta GKEen arteko artikulaziorako gakoak ematen saiatuko da, Ana Esther Ceceña Martorellaren eta Itziar Gandarias Goikoetxearen arteko elkarrizketa baten bidez. Lehenengoa ekonomialaria eta Geopolitikaren Latinoamerikako Behatokiko zuzendaria da, eta hainbat argitalpenen egilea. Bigarrena, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Saileko irakaslea da, eta Mujeres del mundo Babel. Munduko Emakumeak elkartean parte hartzen du. Haren ikergai nagusiak gizarte-bazterketa eta generoa, metodologia feministak eta intersekzionalitatearen teoria eta praktika dira.
Kolektiboen eta GKEen arteko trukeen praktikak ezagutzeko, jardunaldiek lau esperientziaren aurkezpenarekin jarraituko dute: Eneko Gerrikabeitia Zenarrutzabeitia, Mundubatekoa, Martin Etxeari buruz hitz egingo du, beren egoera sozioekonomikoagatik edota nazioarteko babesa behar dutelako beren herrialdetik irten behar izan diren pertsonak bizi diren lekua; Aura Vidal Carrasco, Enginyeria Sense Fronteres erakundekoa, plataforma baten lana azalduko du Kataluniako uraren politika eta kudeaketa sektore publikotik egiteko, eta, azkenik, Isa Álvarez Vispo, Baladre Koordinakundekoa, Euskadiko kolektibo zaurgarrientzako elikadura burujabetza jorratzeko proposamen alternatiboak sortzen dituen esperientziaz arituko da.
Jardunaldiak zuzenduta daude irakasleei, hezitzaileei, gizarte entitateetako langileei zein garapenerako lankidetzako eta gizarte mugimenduen kideei, eta, oro har, gaian interesa duen orori. Izena emateak apirilaren 12a arte egin ahalko dira honako esteka honetan.