Euskadi buru den bosgarren Batzar Orokorra da, izan ere, 2020tik du Euskadik Arku Atlantikoko Presidentzia
Lehendakariaren izenean, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia, egunotan, Sines-en (Alentejo, Portugal) aurrera eramaten ari den Arku Atlantikoko Batzordeko (AAB) Batzar Orokorraren buru izaten ari da.
Batzar Orokor honek Arku Atlantikoa osatzen duten 15 lurraldeetako ordezkariak biltzen ditu, eta bertan eremu Atlantikorako garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatzen dira, esate baterako, Makroeskualde Atlantikoaren sorrera −euskal presidentziaren proposamen ikurra− edo Fatxada Atlantikoa etorkizuneko berrikuntza haran modura. Era berean, sakontasunez aztertu dira Atlantikoko ontzien deskarbonizazioa eta portuen egitekoa; izan ere, zerbaitegatik egiten ari da topaketa hau Europako porturik garrantzitsuenetako batean.
Batzarraren ostean, adierazpen politiko bat egingo da, zeinak gune Atlantikoan dauden erronkei berehala heldu behar zaiela nabarmenduko baitu, hain justu ere, arreta geopolitikoak Europa ekialderantz jotzen duen momentu batean. Adierazpen honek 2030erako garapen jasangarriaren aldeko deia egingo du, betiere berrikuntzan, erresilientzian eta gizarte-kohesioan oinarritutako lankidetza batetik abiatuta. Anbizio handiko helburu hauek kontuan hartuta, Atlantikoko eskualdeetako eta autonomia erkidegoetako agintariek, ahal bezain azkar, Makroeskualde Atlantikoa ezartzeko prozesuan sakontzen ari dira, eta, horretarako, maila desberdinetako gobernantza eredua zehazten ari dira, estatuen menpeko administrazio publikoak eta interesa duten bestelako erakundeak, erabat eta eraginkortasunez, barnean hartu ahal izateko, bai Makroeskualde Atlantikoaren egitura zehazterakoan, bai abian jartzerako orduan.