Milioi bat athleticzalek La Gabarra bultzatu dute itsadarretik

0

Harrera ikusgarria Kopako txapeldunei, Ernesto Valverdek zuzentzen dituen futbolari ahaztezinei, historia egin baitute berriro Athletic Cluben

Athletic Club izugarria da, kasu bakarra munduko futbolean. Pozaren eztandak milioi bat jarraitzaile eraman ditu Itsasadarraren bi ertzetara, Gabarra olatu zuri-gorri batekin Udaletxeko kairaino bultzatzeko. Miloi bat esker gure zaleei, zerikusi handia izan baitute 40 urte geroago Ernesto Valverdek zuzentzen dituen lehoiek Kopa Bilbora ekarri ahal izateko.

Kopa da gurea. Kopa gurea da. Goizetik, hiria zuri-gorria bihurtu da. Zeru garbia, eguzkitsua, egun ezin hobea Gabarraren distira uretatik ikusteko. Txango nautikoa 16:30ean hasi zen, Abrako Itsas Errege Kluban, bertan bazkaldu baitzuen ordezkaritza zuri-gorriak. Ontzi nagusia, Iker Muniain eta Oscar de Marcos kapitainek Kopa zaintzen zutela, Jose Angel Iribar handiarekin, Jon Uriarte presidentea buru zuen Zuzendaritza Batzordearekin eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari eta Jon Berasategirekin abiatu zen.

160 itsasontzi ilusioaren ontziari laguntzen, lehoiak ikuskizunarekin txoratzen eta Piru Gainzak Athleticek 1983an Las Palmasen Ligako titulua irabazi ondoren esandakoa egiaztatzen, «Ez dakizue zer egin duzuen». Petalo zuri-gorriak jaurti dituzte uretara San Mames parean, azken lau hamarkadetan hildakoen omenez, eta gogoan izan dira ere haurrek jokalariei finalaren aurretik bidali zizkieten kartak. Udalean eta Aldundian egindako harrerek beste historia baterako ematen dute.