Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren VI-garren deialdia abian da

0

Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren VI-garren deialdia ireki du. Estatuko eta Europako ekintzaileei eta startupei zuzendutako lehiaketa da, eta ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak txertatzen dituzten proiektuak biltzen ditu.

Ekimena Zinemaldia & Technology ekitaldiaren esparruan kokatzen da. Zinemaldiaren apustu estrategikoa da Zinemaldia & Technology, eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko gune gisa kokatzeko jomuga du. Izena emateko epea maiatzaren 31ean amaituko da.

‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ ekimenaren –‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ delakoaren ardatzetako baten– jardueretako bat da.

Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren lehiaketa horietara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte: ekintzaile batetik edo duela gutxi sortutako –hots, 2018ko abenduaren 31ren ondoren eratutako– startupbatetik abiatzea, zer garapen-fasetan dagoen alde batera utzita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera kontuan hartzea.

Hautatutako proiektuak irailaren 26an Donostia Zinemaldian garatuko den Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira. Jardunaldi horretan, sektoreko profesional garrantzitsuen arteko hitzaldi bat ere antolatuko dira, gaurkotasuna duten gaiei buruzkoak. Berrikuntza gisa, hautatutako proiektuek balizko bazkideekin biltzeko aukera izango dute aurten.

Adituen batzorde batek –TECNALIAko, Vicomtech-eko eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako profesionalek osatua– hamar proiektu finalista aukeratuko ditu, horietako bost Espainiakoak eta beste bost Europako gainerako lurraldeetakoak, eta urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo Business Innovation Centerretako batean inkubaziogune bat doan eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko.

Bi epaimahaik 10.000 euroko bi sari emango dituzte Europako eta Estatuko proiekturik onenarentzat. Bestalde, hirugarren epaimahai batek 3.000 euroko aipamen berezia emango du, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzarekin lotutako balioak aitortzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen du Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak hauekin lankidetzan antolatzen du Zinemaldia & Technology: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza), eta Vicomtech.

Spanish Screenings: Financing & Tech ‘Spanish Screenings XXL, ikus-entzunezko ekoizpen espainiarrerako nazioarteko merkatuaren’ lau ardatzetako bat da. Proiektu horretan Kultura Ministerioak, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua (ICAA)-ren bitartez, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak, ICEX España Exportación e Inversiones-en bidez, Malagako zinema-jaialdiak eta Donostia Zinemaldiak parte hartzen dute.

info +, HEMEN.