UPV/EHUko 2.000 kidek sinatu dute dagoeneko “Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde” adierazpena

0

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait estamentuk sustaturik, adierazpenak buru egiten die azken hilabeteotako indarkeria eta hertsapen gertaerei, eta defendatzen ditu eztabaida publikoa, kritikaren erabilera eta ideien kontraste baketsua.

Dagoeneko 2.000 pertsona baino gehiago (zehazki, 2.021) batu zaizkio “Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde” izeneko adierazpenari. Testua irekita egon da webgune ofizialean, sinatu nahi izan duten euskal unibertsitate publikoko kolektibo guztietako kideek –ikasle, irakasle-ikertzaile nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileek– hala egin zezaten.

Erakundeko zenbait estamentuk bultzatu dute elkarrekin dokumentua: errektorego taldeak, fakultateetako dekanotzek, eskoletako zuzendaritzek, eta ikasleen kontseilu nagusiko eta campusetako ikasleen kontseiluetako presidenteek. Adierazpenaren helburua zen euskal unibertsitate publikoaren eta bertora egunero etortzen diren pertsona guztien aldeko aldarrikapen esplizitua egitea.

Testua argitaratzeko arrazoia zen zenbait campus eta ikastegitan bizikidetza baketsua asaldatu duten gertaerak, hala nola “eraso fisikoak eta hitzezkoak, irainak eta mehatxuak, tresneriaren eta instalazioen suntsiketa”. Unibertsitateak azpimarratzen zuenez, portaera horiek “guztiz onartezinak dira. Nahi dugu unibertsitateko langile eta ikasle guztiok berton eroso eta seguru sentitzea, askatasunez adieraztea nahi duguna eta elkarrizketan askatasunez aritzea, eta besteei gauza bera egiten uztea. Aldarrikatzen dugu unibertsitateko eremu publikoak askatasun eta gozamen eremuak izan behar direla, beldurrik gabeko eremuak, guztion eremuak”.

Unibertsitatearen protesta hau etorri zen erakundeak Bizikidetza Arautegia eta bere lehen Kode Etikoa onartu berri dituenean, unibertsitatea osatzen duten sektore eta pentsaera desberdinen arteko aho bateko akordioaz. Bi testu horiek dei egiten dute adierazpen askatasuna erabiltzera, baina beti “errespetuz, tolerantziaz eta begirunez pertsona guztiekiko”.