UPV/EHUk Athletic Clubeko Errendimendu Handiko Zentroan lagunduko du

0
 

Athletic Clubeko presidenteak, Jon Uriartek, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, Eva Ferreirak, esparru-akordio bat sinatu dute gaur goizean Lezamako instalazioetan, bi erakundeen artean kirol jarduerak, ikastaroak eta proiektu akademikoak bultzatzeko. Hitzarmenak gure lurraldeko erakunde garrantzitsuenetako bi batzen dituen elkarren mesederako lankidetza-espirituari jarraipena eman eta formalizatzen du. Osasuna ezinbesteko gaia da gizartearentzat, eta neurri handi batean zientziaren eta ikerketaren esparruan gertatzen diren aurrerapenen mende dago. Halaber, kirol-medikuntza, nutrizioa, psikologia eta fisiologia dira kirol-errendimendua baldintzatzen duten lan-arloak. Azken batean, esparru-akordio honetan horiek hazteko beharrezko egiturak komunean jarriko dira.

Jon Uriarterentzat, «Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lankidetzak Athletic Cluben funtsezko bi helbururi erantzuten die. Alde batetik, Lezamako, gure futbol eskolako, kirol errendimendua maximizatzeko helburuan lagunduko digu eta, bestetik, gure konpromiso soziala beste behin berresten dugu».

Bestalde, Eva Ferreira errektoreak honakoa adierazi du: «Athletic Club erakunde enblematikoa da, historiaz betea eta etorkizun handikoa. Horretan euskal unibertsitate publikoaren antza du. Bi erakundeok beste batzuetan ere elkarrekin lan egin dugu, baina hitzarmen honek itxaropen berriak zabaltzen ditu arlo akademikoan eta kirol arloan, eta ziur nago horiek aprobetxatzen jakingo dugula, gure gizartearen mesedetan «.

Iñigo San Millanek zuzentzen duen Athletic Clubeko Errendimendu Handiko Zentroa garatzeko hitzarmenak betetzen dituen jarduerak honako hauek dira:

  • Lankidetza-proiektuak ezartzea Athletic Clubeko futbolarien errendimendua hobetzeko (UPV/EHUko Athletic Club Gela).
  • Patenteak lortzea sustatzea.
  • Kirol-errendimenduaren inguruko prestakuntza osagarriko unibertsitate-ikastaroak sortzen laguntzea.
  • Enpresa-gela bat sortzea, GrAL eta MAL bezalako ikasleei lagunduko dieten kirol-arloko eta kudeaketa-arloko proiektu estrategikoak babesteko eta gauzatzeko.
  • Curriculumetik kanpoko praktikak kudeatzea.
  • Eliteko kirolarientzako unibertsitate-programa bultzatzea.
  • Kirolari profesionalei graduko eta graduondoko ikasketak egiteko aukera erraztea.
  • Futbolariak tutorizatzea garapen akademikoan, UPV/EHUko kirolarientzako Tutoretza Planaren bidez.

Halaber, akordioak interes orokorreko eta sozialeko honako puntu hauek jasotzen ditu:

  • UPV/EHUko Kirol Eskolak ezartzea, Bizkaiko Campuseko emakumezkoen futbol-diziplinan.
  • UPV/EHUko unibertsitateko barne-lehiaketari laguntzea.
  • Bizkaiko campusean futbola sustatzeko jardueretan parte hartzea, hala nola, Kirol Egunean.
  • Osasuna hobetzeko (gaixotasunen prebentzioa) jarduera fisikoko eta nutrizioko programak garatzea, Iñigo San Millán buru dela.
  • Kirolean indarkeria prebenitzeko hezkuntzaren eta hedapenaren alde egitea: ATERPE programa erreferente gisa.
  • San Mamesen adinekoei arreta emateko boluntariotza-proiektuan laguntzea.

Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du hasieran, baina automatikoki luzatzeko aukerarekin, esparru-akordioan jasotako helburuak lortzen laguntzen badu.