Iñigo Urkulluk: «Balio demokratikoak eta printzipio etikoak Gernikako nortasun ikur izan dira, dira eta izango dira beti»

0
  • Lehendakariak Gernikako memoriarekiko konpromisoa berretsi du eta biktimen omenezko mausoleoa edo Bakearen Museoa konpromiso horren isla direla nabarmendu du

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gernika-Lumoko herri eremua “Memoria Demokratikoaren Leku” izendatzeko ekitaldira bertaratu da Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera.

Lehendakariak bere hitzaldian berretsi egin du Gernikako memoriarekiko konpromisoa, eta nabarmendu du Gernikako nortasun ikur izan direla, direla eta izango direla beti hausnarketa kritiko eta etikoa,  printzipio  etiko eta balio demokratikoak, ikerketa eta ezagutzaren sorrera eta transmisioa, zabalkundea, nazioartekotzea eta pedagogia soziala. Urkulluren hitzetan, biktimen omenezko mausoleoa, Bakearen Museoa, aireko babeslekuak, ibilbideak, artelanak, Gernika sariak, Dokumentazio Zentroa, argitalpenak, ikus-entzunezkoak, kongresuak… dira Gernikako memoriarekiko konpromiso horren isla.

Baieztapen horiek egin ditu, Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren atarian.  Horregatik, Lehendakariak gogoan izan ditu bonbardaketaren biktima guztiak, “bidegabekerien biktimak” izan zirenak. “Omenaldi hau indar faxisten aurrean askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde bizitza eman zuten euskaldun eta euskotar guztiei ere luzatzen diegu” esan du Urkulluk. “eta omenaldiaz gain,  aitortza, hainbat hamarkadatan Gernika gaur egungo tokiko eta munduko erreferente bihurtzeko ekarpen eta lana egin dutenei: erakundeak, gizarte zibileko elkarteak, eragile kulturalak, sozialak eta memoria lantzen duten eragileak, pertsona ospetsuak eta pertsona anonimoak; guztion arteko elkarlanak ekarri gaitu honaino» adierazi du Lehendakariak.

Amaitzeko, Urkulluk esan du gaurko inaugurazioak jarraipena ematen diola hasitako lan-ildoari eta memoriarekiko konpromisoari. «Konpromiso hori berresten eta indartzen dugu, eta, orain arte egin dugun bezala, elkarlana sustatuz egingo dugu. Gernika mundu mailako sinboloa da, gerra eta Giza Eskubideen urraketak protagonista diren mundu honetan, egin dezagun Gernika oroimenaren hiriburu eta bakearen sinbolo; Gernikatik mundura: hau da gure erronka eta konpromisoa.” amaitu du Lehendakariak.