SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die

0

Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak Industriaren Europako Azoka nagusian, Hannover Messen (izen bereko hirian), parte hartzen ari diren Euskadiko enpresei lagunduko die aste honetan. Era berean, azokan egongo direla aprobetxatuz, adimen artifizialaren, deskarbonizazioaren, fabrikazio aurreratuaren eta automatizazioaren, digitalizazioaren, ikerketaren eta garapenaren, energia berriztagarrien, teknologiaren eta abarren inguruko punta-puntako joerak ezagutzeko aukera izango dute.

Euskadiko ordezkariek bilerak egin dituzte azoka horretako ordezkariekin eta Euskadiko enpresetakoekin (Egaña Group, Arreche, Polifluor, Safeloc Systems eta Ingeteam, adibidez). Urzelairekin batera, Iñaki Suarez SPRIko Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Laura Izagirre Industria Garapeneko arduraduna eta Alicia Santamaría, Basque Trade & Investment-ek Alemanian duen bulegoko arduraduna, daude.

Euskadik Hannover Messe azokan duen presentzia gero eta handiagoa da urtez urte. Hain zuzen ere, azoka horretan ezagutarazi zuten Ekonomiaren Garapen Sailak eta SPRI Taldeak beren estrategia, Basque Industry 4.0 izenekoa, eta Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek eta Europa baitako beste hainbat erakundek egindako goraipamena eta aitortza jaso zituen. Horrekin lotuta, Europako Batzordeko presidenteak, 2020ko urrian, estrategia hura Jaurlaritzak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) delakoaren bidez aurrera daraman digitalizazio-politikaren adibide gisa jarri zuen estrategia hori, eta berariaz aipatu zuen eraldaketa digitalari laguntzeko euskal ekimena, Eskualdeen Batzordeak osoko bilkuran parte hartu zuenean.

Hannover Messe munduko industria arloko azokarik handiena da. Hannoverren (Alemania) egiten da, urtero, eta 6.000 erakusketari eta 200.000 bisitari inguru erakartzen ditu.