Euskadik klima aldaketara egokitzearen inguruko bere esperientzia partekatu du Europako Inbertsioen Bankuak antolatutako “EIB Adaptation Days” hitzaldian

0
PRUEBA
  • Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriartek aurkeztu du Euskadin egindako lana egokitze-neurriak hartzeko eta horiek planifikazio-, finantzazio- eta exekuzio-prozesutan integratzeko
  • BPGren inpaktu ekonomikoa aztertu du Euskadik, klima-aldaketaren efektuetatik eratorritako egokitzapen-gaietan ez jardutearen aurrean

Europako Inbertsioen Bankuak antolatutako “EIB Adaptation Days” hitzaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzak, Euskadik ekintza klimatikoaren gaietan eta, zehazkiago esanda, egokitzapen-gaietan duen esperientzia zabala partekatzeko. Luxenburgon egindako nazioarteko topaketa honetan Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriartek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen Ihobe – Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoko langile teknikoek parte hartu zuten.

Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legea berriki onartuta, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak egokitzeko eta arintzeko jarduketak maila berean kokatzen dituen testu normatiboaren balioa azpimarratu du.  Bere mintzaldian,  Adolfo Uriartek klima-aldaketaren politikekin erlazionatutako lanaren errepasoa egin du, arintze klimatikoari nahiz egokitzapenari dagozkionak eta bi alderdiak lantzearen garrantzia azpimarratu du, elkarri oso estu eragiten baitiote.

Duela gutxi, Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak, bi egitasmo lizitatu ditu aztertu ahal izateko zenbaterainoko kostua duen klima-aldaketaren efektuetara egokitzeko ezer ez egiteak.  Euskadin klima-aldaketara egokitzera zuzendutako I+D, Innovación y Demostración, Klimatek sailean integratutako proiektuak zera aurreikusten du: inpaktu ekonomikoa aztertzea lurraldera egokitzeko kostuak eta onurak aintzat hartuz. Azterketa ekonomiko hau, egokitze-egitasmo eraldatzaileen definizioarekin batera, lagungarri izango da bai egokitze klimatikoa eta bai inbertsio publikoa eta honi lotutako pribatua informatuak, proportzionatuak, eraginkorrak eta efizienteak izan daitezen.

Euskadik ibilbide luzea egin du 2002an lehen Ingurumen Esparru Programa onartu zenetik, horrek jarri baitzuen lehen aldiz abian , hain zuzen, ekintza klimatikoa erronka handienetariko gisa. Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak azpimarratu du egokitzapen-neurriak martxan jartzeko beharra, bai biztanleekiko eta azpiegiturekiko arriskuak eta bai klima-aldaketak barne-produktu gordinean sor ditzakeen ondorioak saihesteko. Horren haritik aurreikusi da jarduera turistikoa izango dela kalte ekonomikoak jasango dituen sektoreetako bat,  hondartzen azalera uste bezala galtzen bada, izan ere, egokitze-neurriak ezarri ezean, hondartzen azalera % 18 murritz daiteke 2050erako, eta % 40-60 bitartean 2100 urterako.

Euskadik lurraldetako klimari buruzko berebiziko informazioa du erabakiak hartzeko: horien adibide dugu Euskadiko itsasertzaren zaurgarritasunaren eta arriskuaren azterketa klima-aldaketaren efektuen aurrean. Euskadin hedatutako egokitzapen-neurrien adibide gisa, euskal ordezkaritzak xehatu du Txingudiko badiaren inguruneko natur espazioen konektibitatea hobetzeko eta birgaitzeko prozesua, eta, Zarautzen, hiriguneak eta dunak babesteko egitasmoa.

EIB Adaptation Days

“EIB Adaptation Days” hitzaldiaren planteamendua da ezagutza-trukea sustatzeko eta Europako Inbertsioen Bankuak egokitzapen klimatikorako jardunbideen azken ikuspegiak ezagutzera emateko ekimena izatea. Europako Inbertsioen Bankuak (EIB), zeinaren titulartasuna Europar Batasuneko herrialde guztiena den, bere helburuen artean ditu Europako  hazkuntza-tasa eta enplegua sustatzea, klima-aldaketa arintzera zuzendutako neurrietan laguntzea eta Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeetan EBko politikak sustatzea.