Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak gaur goizean sinatu dute Eusko Jaurlaritzak 2024ko apirilaren 16an onartutako hitzarmena, Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetzan behin betiko integratzeko. Onkologikoa osasun-zentroa Euskadiko Osasun Sisteman integratzeko prozesua hitzarmen honen bidez egituratzen da. Prozesu hori gauzatuko da EAEko 2024. urteko Aurrekontuen Legean aurreikusitako xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuta emango den Dekretuaren arabera.
Dokumentua sinatzeko ekitaldian izan dira Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburua, Nerea Urien Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordea, Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusia, Rafael Amasorrain Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko Presidentea eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko Zuzendaria.
Hitzarmen hau sinatzearekin batera, 1988an hasi zen prozesu bat osatu da, Euskal Osasun Zerbitzuak Institutu Onkologikoarekin ituna bere gain hartu zuenean. Horren ondoren, Osasun Sailarekin itun gehiago sinatu dira, Osakidetzako pazienteentzako onkologia-zerbitzuen kontratazioa erregulatzeko. Gerora, erlazio-eredua aldatzeari heldu zitzaion, laguntza onkologikoaren funtzionamendu integratuagoa ahalbidetzeko, pazienteari zerbitzu hobea ematea helburu hartuta.
Osasun Planean islatzen denaren ildotik, Osasun Sailak, paziente onkologikoen eta haien senideen arretan inplikatuta dauden osasunaren arloko adituen eta profesionalen aholkularitzarekin, 2018-2023 aldirako Euskadiko Onkologia Plana prestatu zuen. Plan horretan definitutako asistentzia-ereduak diziplina anitzeko ikuspegia du, eta pazienteen premia globalei erantzungo dien tratu humanizatua du ardatz. Plan horren helburua da, halaber, diagnostikorako denborak murriztea eta esku-hartze konplexuenak erreferentziazko unitateetan metatzea, behar den esperientzia bildu ahal izan dadin.
2018ko abenduan sinatu zen bi ospitale-egituren funtzionamendu integratua ikuspegi operatibo eta funtzionaletik errazteko lotura-hitzarmena. Akordio horren indarraldia orain amaitzen da, eta Onkologikoa izeneko osasun-zentroa Euskadiko Osasun Sisteman behin betiko integratzeko prozesuari bide ematen zaio.