Eusko Jaurlaritzak UNRWA eta errefuxiatu palestinarrak babesten jarraituko du (Gobernu Bilera 2024-4-30)

0
PRUEBA
  • Gobernu Kontseiluak milioi 1 euroko bi dirulaguntza onartu ditu eLankidetzaren bidez
  • Eusko Jaurlaritzak Gazako krisi humanitarioari erantzungo dio eta Jordanian errefuxiatu dauden palestinarrentzako Lanbide Heziketa babestuko du 

Gazako krisi humanitarioaren larritasuna eta palestinarrek Jordanian bizi duten babes-egoera luzea direla eta, Gobernu kontseiluak zuzeneko bi dirulaguntza, bakoitzak 500.000 eurokoa, onartu ditu Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWAri) zuzenduak. Iñigo Urkulluk martxoan iragarri zuen larrialdiari erantzuna, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren bidez egingo da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekoa.

UNRWAren azken txostenaren arabera, apirilaren 23an, 1.700.000 pertsona lekualdatu behar izan dira (biztanleriaren % 75 baino gehiago) behin baino gehiagotan leku seguru baten bila. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 34.012 pertsona hil dira; horietatik, % 70 emakumeak eta haurrak, eta 76.833 pertsona inguru zauritu dira, baita Nazio Batuen Agentziaren babeslekuetan ere.

2023ko urriaren 7tik, Nazio Batuen Agentziak babes, elikadura, ur, saneamendu eta laguntza psikosozialeko zerbitzuak ematen jarraitu die gazatarrei. Dirulaguntzaren helburua da herritar palestinarrei larrialdiko osasun-zerbitzuak bermatzea, premiaz behar baitituzte elikagai terapeutikoak eta tratamendu mediko egokia.

Errefuxiatuentzako Lanbide Heziketa

eLankidetzak beste 500.000 euro bideratuko ditu UNRWAra, Lanbide Heziketako Programa eraldatzen laguntzeko. Proiektua batez ere Jordanian errefuxiatuak dauden palestinarrei zuzendutako bi ikastetxeetan gauzatuko da.  Horretarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta eLankidetzan babesa izango du, eta Jordaniako eta Euskadiko irakaskuntzako profesionalen arteko lankidetza teknikoko trukeak sustatuko dituzte.

Proiektuak honako hau aurreikusten du: prestakuntza-zentroen eguneratze teknologikoa, lan merkatura egokitzeko prestakuntza-planak garatzea, zuzendaritza taldeei, irakasleei eta ikasleei formazioa ematea eta Nazio batuen Agentziaren Lanbide Heziketako estrategia eguneratzea.

Honako ekimen hau Hezkuntza Sailaren eta eLankidetzaren arteko Baterako Jarduera Protokoloaren emaitza da. Protokolo honen bidez, lankidetza sustatu nahi da, Euskadiren esperientzia partekatzeko eta Hego Globaleko herrialdeen ezagutzaz ikasteko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak lankidetza teknikoko ekintzak bultzatu nahi ditu hezkuntzaren eta gizarte-eraldaketako hezkuntzaren arloan, eta herrialde pobretuetako erakundeei prestakuntza-planak eta garapen pedagogikoa sortzen lagundu nahi die.