Gobernu Kontseiluak gaur eman du oniritzia, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskatuta, Euskadiko Administrazio Orokorrak Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzeko.
Karrera judizialeko langileak prestatzeko hitzarmenaren helburua da destinoa Euskal Autonomia Erkidegoa duten magistratuen eta epaileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako jarduerak egitea. Besteak beste, biltzarrak, mintegiak, solasaldiak, egonaldiak, jardunaldiak edo ikastaroak egingo dira, eta ikerketak, argitalpenak edo azterlanak egitea ere aurreikusten da. Kontu-sailaren zenbateko osoa 20.000 eurokoa izango da.
Bestalde, onartu den beste hitzarmenaren berritasuna da Estatuko Fiskaltza Nagusia sartzen dela sinatzaile gisa. Fiskalak prestatzeko akordio bat da, zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen duten karrera fiskaleko kideei zuzendutako formakuntza-jarduerak antolatzeko.
Hala ere, hitzarmen hau euskara hizkuntza koofiziala ez duten beste autonomia-erkidego batzuetako fiskalei ere zabaltzen zaie, Justiziagela online plataformaren bidez hizkuntza ikasteko aukera emanez. Era horretara, Europako hizkuntzen gutuna betetzeko helburuarekin, plataforma Estatu osoko fiskalei irekita egongo da, tutoretzapeko plaza-kopuru jakin bat izango duen prestakuntzan. Diru-ekarpena 10.000 eurokoa izango da.