Santa Marina Ospitaleko Ekografia Klinikoko Unitateak bikain bereizgarria lortu du, Osakidetzako lehenengoa

0
PRUEBA
  • Estatuan bereizgarri hori duten ekografia klinikoko 14 unitateetako bat da
  • Martxan jarri zenetik, 2022an, unitate honek 4.142 miaketa egin ditu, hainbat patologiaren diagnostikoa bizkortzeko eta jarraipen ebolutiboa errazteko

Santa Marina Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Ekografia Klinikoko Unitateak Espainiako Barne Medikuntzako Elkarteak (SEMI) ematen duen “SEMI-Excelente” zigilua lortu du, unitate aurreratuaren kategorian; bereizgarria ematen da ekografia klinikoko asistentzia-jarduera egoiliar eta espezialisteei irakastearekin, eta arlo horretako ikerkuntzarekin osatzeagatik.

Ziurtagiri horrekin, Santa Marina Ospitaleko Ekografia Klinikoko Unitatea estatu mailan “bikain” bereizgarria duten 14 unitateetako bat da. Azken urtean unitateko profesionalek funtzionamendua egituratzeko lan handia egin dute, prozesu guztiak erregistratzeko eta laguntza-lana ezarritako kalitate-irizpideen arabera egiteko. Samuel García doktorearen, ziurtagiriaren sustatzailearen, hitzetan, bereizgarri hori “azken urteotan unitatea osatzen duten langileen eta Barne Medikuntzako Zerbitzuko gainerako profesional sanitario eta ez-sanitarioen lana eta ahalegina aitortzea da”.

Gaur egun, Osakidetzak 4 ekografia klinikoko unitate akreditatu ditu: hiruk irakaskuntza-maila dute Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Gorlizko Ospitalean, eta batek maila aurreratua du, Santa Marina Ospitaleak lortu berri duena. Nabarmentzekoa da Euskadi dela milioi biztanleko unitate gehien dituen hirugarren autonomía-erkidegoa, Madril eta Gaztela eta Leon erkidegoen atzetik.

4.142 miaketa baino gehiago egin dira

Ohean bertan egiten den ekografia, edo ekografia klinikoa, pazientea artatzen duten klinikoek ultrasoinuak erabiltzean datza, ohiko miaketa fisikoaren osagarri gisa. Ez ditu ohiko miaketa arautuak ordezten, baina patologia desberdinen diagnostikoa bizkortzea ahalbidetzen du, eta egoera kliniko askotan eboluzioaren  jarraipena egitea errazten du.

2022an martxan jarri zenetik, Osakidetzako Santa Marina Ospitaleko Ekografia Klinikoko Unitateak 4.142 organo-miaketa egin ditu, besteak beste, sabelaldearen, biriken, bihotzaren, odol-hodien eta teknika inbaditzaileen balorazioa (torakozentesia, parazentesia edo sarbide baskularra). Ezarri zenetik, nabarmen murriztu da beste zentro batzuetara pazientea lekualdatu behar izatea ekografia bidezko balorazioa egiteko; hau aurrerapen handia izan da proba osagarri konplexuagoen erabileraren optimizazioan eta eraginkortasunean.

Irakaskuntza eta ikerketa: proiektu berritzaileak

Asistentzia-arloan, Ekografia Klinikoko Unitate hau ekografia klinikoa beren asistentzia-praktikan parte hartzen duten profesional guztiek osatzen dute; erizaintzak ere duela gutxi hasi da erabiltzen teknika hori. Irakaskuntza- eta aholkularitza-lanak García eta Urbieta doktoreek egiten dituzte.

Gainera, unitateak hainbat proiektu berritzaile jarri ditu martxan; esate baterako, irakaskuntzaren ikuspegitik, QR kodeen bidezko galdetegiak erabiliz, ikasleen jarrerazko eremuak ebaluatzea. Eta ikerketa-proiektuei dagokienez, estatuko eta nazioarteko elkarte zientifikoekin elkarlanean aritzen dira, eta teknika gehiago zabaltzen laguntzen dute. Gainera, Santa Marina Ospitaleak ekografia klinikoari buruzko hiru masterretan laguntzen du graduondoko irakaskuntzan.