- Gogorak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak familiari emango dio gorpuzkia maiatzaren 13an egingo den ekitaldian
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Memoria Historikoaren esparruko hainbat ekitaldi aurreikusi ditu datozen zazpi egunetarako, jarraian zehazten direnak. Nabarmentzekoa da, besteak beste, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobiko lehen identifikazioa. Haren gorpuzkiak maiatzaren 13an emango zaizkio familiari.
Maiatzaren 11n, Saibigainen, borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dira, eta maiatzaren 9an, Juan Pardo San Gil zena omenduko da, Euskadiko Itsas Armadako erreferentziazko historialaria, 2013an hil zena.
Hiru hitzordu horien informazio gehigarria eguneratu eta zabalduko da Irekiaren agendan eta astean zehar egingo diren komunikazio gehigarrietan.
Maiatzaren 9an, Juan Pardo San Gili omenaldia
Juan Pardo San Gil gerra-gatazkei buruzko historialari nabarmena izan zen, eta bereziki aipagarria izan da Euskadiko Itsas Armadari buruz egindako ekarpena, ‘Euzkadiko Guduontzia. La Marina Auxiliar de Euskadi (1936-1939)’ izeneko liburuan kondentsatua. Matxitxako Elkartearen bultzatzailea izan zen, eta 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko batailari lotutako memoria berreskuratzeko lanarekin konpromisoa hartu zuen.
Pardo 2013ko martxoaren 21ean hil zen, eta bere funts bibliografiko zabala hainbat erakunde publikori laga nahi izan zion, besteak beste, Gogora Institutuari.
Datorren maiatzaren 9an, 18:00etan, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan, funtsa Memoriaren Institutuari lagatzeko eginkizuna gauzatuko da eta omenaldia egingo zaio Juan Pardo San Gili, haren familiaren, Nerea Melgosa sailburuaren, Matxitxako Elkartearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Bermeoko Arrantzaleen Museoaren parte-hartzearekin.
Maiatzaren 11n, desobiratzea Saibigainen (Abadiño)
Maiatzaren 11n, larunbata, 11:30ean, Gerra Zibileko gudulari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dira Saibigain tontorretik gertu, Abadiñon.
Aurten inguru horretan berreskuratutako bigarren hezur- hondarra da, Gogoraren Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko programaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, babestutako eremu natural horretan 2023an hasitako prospekzio-kanpainaren emaitza. Urte horretako otsailean, lehen gorpuzki bat berreskuratu zen, oraindik identifikatu gabe dagoena.
Inguru horretan, Urkiolako Parke Naturalaren parte dena, gudu gogorrak izan ziren, eta borrokalari ugari hil ziren, 1937ko apirileko lehen egunetan. Gaur egun, gutxienez 128k desagertuta jarraitzen dute.
Maiatzaren 13an, Amorebieta–Etxanoko hilerriko hobian identifikatutako lehen pertsonaren gorpuzkia familiari emango zaio
Maiatzaren 13an, 18:00etan, Amorebieta-Etxanoko Udaletxean, Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako 86 pertsonetatik lehen identifikatuaren gorpuzkia familiari entregatzeko ekitaldia egingo da.
Ekitaldian, Nerea Melgosa sailburua eta Ainhoa Salterain herriko alkatea buru direla, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek eta Lourdes Herrasti Aranzadi Ziendia Elkarteko antropologa eta Amorebietako desobiratze lanen arduradunak ere parte hartuko dute.