Gogora Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute gerra garaiko Euzkadiko Guduontzidiaren memoria bizirik mantentzeko eta Juan Pardoren ikerketa lan eskerga zabaltzeko

0
PRUEBA

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Juan Pardo San Gil omendu du gaur arratsaldean Bilbon, eta ekitaldi honetan formalizatu da haren funtsa Gogora Institutuaren Dokumentazio Zentroari lagatzea eta Juan Pardo San Gil Funtsa sortzea.
Juan Pardo San Gil, historialari profesionala izan ez arren, gerra-gatazketako ikerkuntzan egindako lanagatik nabarmendu zen, eta bereziki aipagarria izan da gerra garaiko Euzkadiko Guduontzidiari buruz egindako ekarpena, izenburu bereko referentziazko liburuan jasotzen dena. Matxitxako Elkartearen bultzatzailea ere izan zen eta Matxitxakoko batailari lotutako memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu zuen.
Pardo 2013ko martxoaren 21ean hil zen, eta bere funts bibliografiko zabala hainbat erakunde publikori utzi nahi izan zion, besteak beste, Gogorari, bizitza osoko lana zaindu eta zabaltzeko.
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak omenaldian parte hartu du, eta «eskerrik asko, Juan, zauden lekuan zaudela, eskerrik asko Euskadiren izenean” esker oneko hitzekin hasi du bere jarduna. Hitzok, Pardo zenaren senitartekoak aurrean dituela esan ditu. Bertan zeuden Juan Bautista Pardo eta Rosa María San Gil gurasoak, Julio eta Diana anaiak, Antonia Pérez alarguna eta Oihane Pardo alaba.
Hitz horiekin, sailburuak Juan Pardoren aldeko esker ona, erakutsi nahi izan ikerketan egindako lanagatik, «maitasuna, zorroztasuna eta dedikazioa uztartuz». Ez da ahaztu behar Euzkadiko Guduontzidiko kide izateagatik bere eskubideak aitortuak izateko beregana joan ziren marinelen eta arrantzaleen familiei eman zien babesa, urriaren 22ko 27/1984 Legeak jasotzen zuen bezala.
Laguntza hori harreman pertsonala bihurtu zen, adiskidetasunezkoa, eta Matxitxako Elkartea sortu zen, Euzkadiko Guduontzidiko kide izan zirenen oroimena bizirik mantentzeko ardura hartu zuena.
Hitzartzean, Nerea Melgosa sailburuak Gogora Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak duten konpromisoa berretsi du: gerra desorekatu baten egia azaleratzeko konpromisoa; eta demokraziaren, askatasunaren eta justizia sozialaren alde eta faxismoaren eta diktaduraren aurka duten konpromisoa. «Bere herriaren alde eta gureak diren balio batzuen defentsan bizitza eman zuen belaunaldi bati zor diogu».
Konpromiso hori ikerketara eta hedapenera ere hedatzen da, Juan Pardok eta haren familiak utzitako dokumentu-ondaretik abiatuta. «Gogora Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute Euzkadiko Guduontzidiaren memoria bizirik mantentzeko eta Juan Pardo San Gilen ikerketa-lan eskerga hedatzeko», esan du Melgosak.
Antonia Pérez, Juan Pardoren alargunak, eta Aintzane Ezenarro, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubiden Institutuko zuzendariak Juan Pardo San Gil Dokumentu Funtsaren sorrera formalizatu dute lagapen dokumentua sinatu dutenean. Gaur arratsaldeko ekitaldian funts zabal honen ale esanguratsuenen lagin bat erakutsi da. Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko gerra-gatazkei buruzko 985 monografia dira guztira; horiez gain, aldizkariak, dosierrak, bildumagarriak, disko konpaktuak, argazki-artxiboak, etab. Garrantzi berezia hartzen dute itsas historiari eta gerrako itsas historia laguntzaileari buruzko lanek, lanen hizkuntza ugaritasunak eta lehen edizioek.
Juantxo Agirrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak, omenaldi hunkigarri hau aurkeztu du. Bertan Juan Pardoren anaia Juliok eta haren alaba Oihanek hartu dute hitza. Bermeoko Arrantzale Museoko zuzendari izandako Aingeru Astuirekin eta Matxitxako Elkarteko idazkari Koro Sanchezekin batera.
Omenaldian izan dira Jose Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuordea, Iñigo Camino eta Ion Gambra, Gogorako Zuzendaritza Kontseiluko kideak, María José Telleria, Gipuzkoako Foru Diptazioko Kultura zuzendaria, eta Mikel Torres, Portugaleteko alkatea. Azpimarratzekoa da Matxitxako Elkarteko kideen bertaratzea, aldi berean, Euzkadiko Gudu Ontzidiaren kide zirenen senide direnak, eta CNTko eta Betiko Lagunak Herritar Elkarteko ordezkariak.
Gorka Aginagak piano soinuaz atondu du ekitaldia.