Osasun Sailak prebentzio-protokolo bat jarri du martxan Bizkaiko bost ikastetxetan, dagoeneko kontrolatuta dagoen tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren

0
  • Bilbo, Arrigorriaga eta Ugaoko ikastetxeei eta familiei horren berri eman zaie. Bertan, kutsatzeko arriskua txikia den kasu honetarako kontaktuen azterketa egingo da; datozen egunetan gurasoekin eta langileekin bilerak egitea aurreikusi da

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurreikusitako jarduketa-protokoloa aktibatu du Bilboko, Arrigorriagako eta Ugaoko bost ikastetxetan, dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren. Pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik.

Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da. 

Hala ere, prebentzioagatik, eta ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko da.

Tuberkulosia kontrolatzeko helburu nagusia kasuak garaiz detektatzea eta tratamendu egokia ematea da. Hala, Tuberkulosia Zaintzeko Euskadiko Protokoloan ezarritako jarraibideak betez, ohiko moduan, esku-hartze bat jarri da abian, eta esku-hartze horrek ikasleak eta irakasleak barne hartuko ditu, kutsatutako pertsonarekin harremanetan egon diren pertsonen azterketa eta jarraipena egiteko. Esku-hartze hori maiatzetik ekainera bitartean egingo da bost ikastetxeetan.

Esku-hartzean, tuberkulinaren proba eta/edo odol-analisi bat egitea planifikatu da, kutsatutakoarekin harremanetan egon ziren pertsonak infektatu ote diren egiaztatzeko. Kasu horretan, proba gehigarriak egiteko eta/edo prebentzio-tratamendua emateko beharra baloratuko litzateke.

Familiei eta ikastetxeei jada horren berri eman zaie bidali zaizkien gutunen bidez; inguru horietako Osakidetzako ESIetako pediatrek ere jaso dute horren inguruko informazioa. Datozen egunetan, ikasleen gurasoekin eta langileekin bilerak egitea aurreikusi da, informazio hori zabaltzeko eta zehazteko, eta sor daitekeen edozein zalantza argitzeko. Halaber, arreta-telefono bat jarri da deitutako bileretara bertaratu ezin diren pertsonen eskura.

Osasun Sailak lasaitasunerako deia egin du; izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko. Lan bateratu batean, Osasun Saila eta Hezkuntza Saila une oro koordinatuta egon dira esku-hartze hori garatu ahal izateko.