Gure Artea 2024 sarietarako deialdia onartu du Eusko Jaurlaritzak

0

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak urtero banatzen ditu Gure Artea sariak hiru modalitatetan saria jasotzen dutenek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du aurtengo sarien deialdia.

Urtero bezala hiru modalitatetan banatzen dira Gure Artea sariak:

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.
  • Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.
  • Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria.

Sari bakoitzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa da eta epaimahaiko kideek, arrazoitutako proposamenaren bidez, aurkeztuko dituzte hautagaiak. Horretarako maiatzaren 23tik aurrera hilabeteko epea izango dute. Gure Artea sarien aurtengo epaimahaia Susana Talayerok, Laida Lertxundik, Ismael Manterolak, Peio Aguirrek eta Carmen Garmendiak osotuko dute.