Udal eraikinak eraberritzeko Udalaguntza programaren zenbatekoa handitu du Hezkuntza Sailak (Gobernu Bilera 2024-5-14)

0
PRUEBA
  • Eusko Jaurlaritzak udal-eraikinetako ikastetxeen hobetzea bultzatuko du 10,9 milioi eurorekin
  • Aurten 395 ekimen lagunduko dira, lehen aldiz energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko proiektuak ere sartuko dira

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza 2023 programaren zuzkidura ekonomikoa 951.065,99 euroan handitzea onartu du gaur. Programa horren bidez, laguntzak ematen zaizkie Euskadiko udalei, udal titulartasunekoak izanik ere, ikastetxeak dituzten eraikinetan obrak egiteko gastuetarako.

Udalaguntza 2023 programaren deialdia egiten duen agindua 2023ko azaroaren 21ean onartu zen Gobernu Kontseiluan, 10 milioi euroko zenbatekoarekin. Gaur zuzkidura ekonomikoa handitzea onartu ondoren, Udalaguntza 2023 deialdiaren zenbateko osoa 10.951.065,99 eurokoa da, eta, beraz, laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun ahal izango zaie.

Programa horri esker, 395 jarduera lagunduko dira diruz, aurreko ekitaldian baino 60 gehiago. Udalaguntzak harrera ona izan du toki-administrazioen aldetik; izan ere, aurreko ekitaldiko deialdiarekin alderatuta, 2 milioi gehiagorekin abiatu zen deialdia, eskaera gehiagori erantzuteko.

Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak balorazio-batzordeak onartutako obren aurrekontuaren % 60 estaltzen du, gehienez ere 360.000 euro eskaera bakoitzeko. Gainerako % 40a proiektua aurkezten duen udalak hartzen du bere gain.

Udalaguntza 2023 deialdian, ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek parte har dezakete. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira gehien bat. Deialdi honen bidez finantza daitezkeen obrak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute.

Eraginkortasun energetikoa

Aurtengo deialdiak dakarren berritasun nagusia da, diruz lagundu daitezkeen jardun moten artean tipologia berri moduan ageri direla eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak. Atal honek barne hartzen ditu honako jardun mota hauek: instalazio termikoak (biomasa, aerotermia eta/edo geotermia); argiztapen-sistemak; ur bero sanitarioa ekoizteko sistemak edo energia elektrikoa sortzeko sistemak iturri berriztagarrietatik abiatuta; eta monitorizazio-sistemak eta kontsumoak erregulatzeko sistemak.

Gorago aipaturiko eraginkortasun energetikoa hobetzeko obra horiez gain, deialdiak, era berean, ikastetxeen teilatu edo egituretan egin beharreko ohiko jardunak ere jasotzen ditu, baita irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko egiten diren lanak ere, edo instalazioak eguneratzeko obrak (arotzeria, istalazio elektrikoak, komun eta saneamenduak…), beste hainbat motatako lanen artean. Deialdi honen barruan ezin dira finantzatu eraikinaren lehen ezarpeneko, kontserbazioko eta mantentze-lanetako obrak.