Lehendakariak Giraldo Food Group-en instalazio berriak bisitatu ditu Legution

0
  • Urkulluk nabarmendu du Giraldo taldeak inbertitzen eta berritzen duen eta lehen sektorearekin eta kalitatezko elikadurarekin konprometituta dagoen Euskadi ordezkatzen duela

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuarekin bateraGiraldo Food Group enpresako instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean Arabako Goiango industrialdean.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du Giraldo taldeak inbertitzen eta berritzen duen Euskadi ordezkatzen duela, lehen sektorearekin eta kalitatezko elikadurarekin konprometitutako Euskadi ordezkatzen duela eta baita pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin konprometitutako Euskadi ere. Horregatik, Urkulluk taldeak egindako inbertsio eta apustuak erakusten duten konfiantza eta konpromisoa eskertu ditu.

Giraldo Euskadiko familia-enpresa bat da, nazioartera begira bizi dena. Hiru hamarkada daramatza gama altuko sukaldaritza ekoizten eta merkaturatzen. Lehendakariaren hitzetan, “inbertsio honi esker, elikaduraren esparrua berritzearen erronkari eusten diozue, elikadura osasuntsuago baten alde lan eginez, gastronomiarekiko, produktuarekiko, kalitatearekiko, elikadura osasuntsuarekiko eta pertsonen osasunarekiko konpromisotik ” -esan du Lehendakariak.

«Hiru hamarkadako zuen ibilbidea, talde-lanaren, kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egin duzuen lanaren erakusgarri da;  ekintzen bitartez erakutsi duzue Euskadirekiko, herritar guztien ongizatearekiko konpromisoa; eredu eta erreferentzia zarete» –gaineratu du Urkulluk.

9.000 m2-ko lantegi berria

Lantegi berriak 9.000 m2 eta puntako instalazioak ditu, itsas sukaldaritzako platera prestatuak egiteko, errezeta tradizionalak oinarri hartuta, euskal sukaldaritzari erreferentzia eginez.