- Preeklanpsia hipertentsio arterialarekin lotutako konplikazio bat da; horrek alterazioak eragiten ditu plazentaren funtzionamenduan, haurtxoaren garapenean eta hazkundean eraginez
- Haurdun dauden emakumeen % 2ri eragiten die, eta programa berri honi esker gaixotasunaren garapena % 70 baino gehiago murriztea espero da; izan ere, konplikazioen eta hilkortasunaren kausa garrantzitsua da, bai amarentzat, bai jaioberriarentzat
- Euskadi da baheketa hori modu unibertsalean eskaintzen duen Estatuko lehen Autonomia Erkidegoa, baheketa egiteko aukera eta ekitatea bermatuz
Osakidetzak, ekainetik aurrera, preeklanpsiako baheketa berri bat egiteko aukera eskainiko du haurdun dauden emakume guztientzat. Baheketa horri esker, hipertentsio arterialarekin lotutako konplikazio hori garatzeko arriskua duten haurdunak identifikatu ahal izango dira. Preeklanpsiak haurdun dauden emakumeen % 2ri eragiten dio, eta alterazioak eragiten ditu plazentaren funtzionamenduan; eta kontuan izan behar da plazenta funtsezko organoa dela haurtxoaren garapenerako eta hazkunderako. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du baheketa berri hau maiatzaren 22an ospatuko den Preeklanpsiaren Mundu Egunaren bezperan jarriko dela martxan.
Preeklanpsia konplikazioak eta hilkortasuna gertatzeko kausa garrantzitsua da, bai amarentzat, bai jaioberriarentzat. Izan ere, herrialde garatuetan, amaren hilkortasunaren bigarren kausa da. Osakidetzaren preeklanpsia bahetzeko programa berriarekin, konplikazio hori garatzea % 70 baino gehiago murriztea espero da, horrela amaren eta jaioberriaren osasuna hobetuz.
Euskadi da preeklanpsiako baheketa modu antolatuan eta haurdun guztiei zuzenduta ezarri duen lehen Autonomia Erkidegoa, baheketa egiteko aukera eta ekitatea bermatuz.
Baheketak haurdunaldiaren lehen hiruhilekoaren ohiko kontrolean hainbat proba egitea aurreikusten du, amaren arrisku-faktore jakin batzuen erregistroa, tentsio arteriala hartzea, ekografiaren datuak eta odol-analisiaren datuak barne hartuz. Datu horien konbinazioari esker, preeklanpsia garatzeko probabilitatea kalkula daiteke, haurdun dagoen emakumeak konplikazio hori garatzeko arrisku handia edo txikia duen adieraziz.
Kalkulatutako arriskua handia bada, haurdunaldiaren 16. astetik 34. astera bitartean egunero aspirina-dosi txikia har dezan adieraziko zaio. Tratamendua segurua da amarentzat eta haurrarentzat, eta bereziki eraginkorra preeklanpsia modu goiztiarrenak prebenitzeko.
Programa hori Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Biobizkaia Osasun Ikerketa institutuak gidatu dute, eta Uribe, Galdakao, Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldeko erakunde sanitarioek asistentzia-mailan parte hartu dute. Jorge Burgos doktoreak, Biobizkaiko Perinatal Medikuntza ikerketa-taldeko koordinatzaileak, bere lantaldearekin batera jarraitzen du lanean, emakumearen osasuna are gehiago hobetuko duen baheketa-programan adierazle berriak sartzeko.