- Bileran, Agentziaren Estatutuak eta Zibersegurtasunaren Euskal Estrategia Gobernu Kontseiluan onartu direla jakinarazi da eta Aholku Kontseiluaren lehenengo bileraren berri eman da
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Industria eta Ingurumeneko sailburua ere bertan dela, egin da gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren Administrazio Kontseiluaren bilera.
Bilera horretan Cyberzaintzaren jardueraren hasiera markatu duten mugarri nagusiak jorratu dira. Lehenik eta behin, agentziaren Aholku Kontseiluaren lehenengo bileraren berri eman da. Bilera horretan, hainbat diziplinatan adituak diren eta agentziaren gobernu-organoei aholku emateko lanetan ari diren eremu publikoko eta pribatuko 11 pertsona izendatu ziren.
Horrez gainera, jakinarazi da Gobernu Kontseiluan onartu direla Cyberzaintzaren Estatutuak eta Zibersergurtasunaren Euskal Estrategia. Alde batetik, erakundearen lege oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen dituzte eta Interneten eta teknologia berrien erabilerak eragindako mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko erakundearen helburuak, funtzioak eta egitura zehazten dituzte. Eta, bestetik, euskal gizarteak 2029ra arte zibersegurtasunaren arloan izango dituen erronkak identifikatzen dituzte, bai eta xedea, printzipioak, helburu estrategikoak eta hurrengo bost urteetan abian jartzeko jarduera-ildoak ere.
Bileran erakundearen gai ekonomiko batzuk ere jorratu dira, eta, besteak beste, urteko kontuak eta 2024rako aurreikusitako aurrekontua zabaltzea onartu dira.
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
Cyberzaintzaren Administrazio Kontseilua Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, hiru hiriburuetako udalen eta EUDELen ordezkariek osatuta dago. Gaurko bileran hauek ere izan dira:
- Eusko Jaurlaritzaren izenean: Rodrigo Gartzia, Segurtasuneko sailburuordea; Polentzi Urkijo, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea; Estibaliz Hernaez, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Asier Sáez de Vicuña, EJIE – Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen gerentea; eta Xabier Patxi Arrieta, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria.
- Foru-aldundien izenean: Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendaria; Josu Arraiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria.
- Udalen izenean: Asier Iraragorri, Basauriko alkatea EUDELen ordezkari gisa; Ane Miren Ibáñez, Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendaria; Eduardo Fernández, Donostiako Udaleko IKTko Donostiako zuzendari kudeatzailea; Sonia Diez de Corcuera, Gasteizko Udaleko Administrazioa Eraberritzeko Departamentuko zinegotzi delegatua.