Euskadik lidergoa sendotu du garun-ikerketan

0
PRUEBA
  • Basque Center on Cognition, Brain and Language-k (BCBL), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako bikaintasuneko oinarrizko ikerketa-zentroak, magnetoentzefalografia ekipo berria du, 2 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.
  • BCBLko euskal azpiegitura zientifiko bikain hau Europako hegoaldeko aurreratuena da, baita munduko aitzinatuenetako bat ere.
  • Azken belaunaldiko makina honi esker, zentroak neuronen jarduera aparteko bereizmen-mailarekin erregistratu zein hizkuntza-prozesuen azpimekanismoen ikerketan aurrera egin ahal izango du.

Euskadik garun-ikerketan duen posizionamendu aurreratua sendotu du. Hezkuntza Sailari atxikia dagoen BCBL zentroak (Basque Center on Cognition, Brain and Language) magnetoentzefalografia –MEG– ekipo berria du, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako 2 milioi euroko inbertsioari esker. BCBLko instalazioetan dago, Miramongo Parke Teknologikoan, eta azken belaunaldiko azpiegitura berri honek, alde batetik, ikerketa-zentroko laborategien ahalmena indartuko du nazioarteko eremu neurozientifikoan, eta, bestetik, parte-hartzaileen jarduera neuronala denbora- zein espazio-bereizmen bikainarekin erregistratzeko aukera emango du, aurreko ekipamenduaren ezaugarriak hobetuz.

Gaur goizean, BCBLko taldearekin batera, Hezkuntza sailburuak ekipamendu berriaren ezaugarriak ezagutu ahal izan ditu. Sailburuarekin batera, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek eta Ikerketa zuzendari Amaia Esquisabelek ere parte hartu dute bisitan. Azalpenetan zehar, zientzia-taldeak makina berriak eskainiko dituen aukeren balioa azpimarratu du.

Zentroko jardueraren berariazko helburua hizkuntzaren jabekuntzan, ulermenean eta ekoizpenean inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki nabarmenduz. MEG gailu berriak entzutezko estimuluak zein estimulu bisualak erreproduzitzeko aukera ematen du, parte-hartzaileen garun-jarduera neurtzen den bitartean, eserita edo etzanda, 306 sentsoreren bidez.

BCBLko Nicola Molinaro ikertzailearen hitzetan, «metodo teknologiko ez-inbaditzailea dugu, neuronek elkar komunikatzen direnean sortzen dituzten korronte elektrikoek sortzen dituzten eremu magnetikoak biltzen dituena. Informazio horrek garunaren zonalde zehatz bat noiz eta non aktibatu den adierazten digu, eta hori funtsezkoa da gure hizkuntza-gaitasunek burmuinean nola jarduten duten eta garunaren egituraren eta funtzioen arteko harremana nolakoa den ulertzeko».

Jokin Bildarratz sailburuak ikerkuntzan zein trebakuntzan bikaintasuna bilatzearen garrantzia adierazi du, eta, hain zuzen, gaur bisitatu ahal izan diren instalazioek ezagutzaren transferentzia erraztuko dutela. Hizkuntzaren jabekuntzan eta prozesamenduan inplikatutako mekanismo neurokognitiboak argitzearen garrantzia ere nabarmendu du, eta BCBLko taldea zoriondu du helburu berriak erdiesteagatik, bide berriak irekiz. Era berean, bederatzi BERC zentroek (Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) egunero Euskadiko oinarrizko zientziaren alde egiten duten lan aitzindaria azpimarratu du.

Azken belaunaldiko instalazioak

Guztira, BERC oinarrizko ikerketa eta bikaintasun zentroa den BCBLk 2 milioi euro inbertitu ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, bere laborategiek neurozientziaren erronkei aurre egiteko duten ahalmena hobetzen duen makina berritzailean.

Horrela, MEG ekipamendu honek bat egiten du zentroak Donostian dituen ikerketa neurozientifikoko azken belaunaldiko instalazioekin: erresonantzia magnetikoko eskanerra, intsonorizatutako zortzi kabina jokabide-esperimentuak egiteko, eye tracking sistema bat begirada jarraitzeko, haurtxoak aztertzeko Babylab gela eta elektroentzefalografiako lau sistema, hain zuzen ere.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.