Ikastetxeetako berdintasunerako eta tratu onerako Hezikidetza Planaren balantze positiboa   

0
PRUEBA

 

  • «Euskal hezkuntza-sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2029-2023)» garatzeko ardura duen Jarraipen Batzordea gaur goizean bildu da II. Planaren ebaluazioa aurkezteko eta hurrengo planaren erronkak zehazteko.
  • Erakundeen arteko parte-hartzea eta ikastetxeen gobernantza funtsezkoak dira hezkuntza-sisteman hezkidetza-eredua ahalbidetzeko; hau da, sexismoa gainditzea, genero-berdintasuna lortzea eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ahalbidetuko duten egiturez eta pertsonez baliatzeko.
  • Indarrean dagoen plana ebaluatu ondoren, erronka berriak planteatzen dira, hala nola sortzen ari diren indarkeria-motak detektatzea eta Osasun Sailarekin garatu beharreko sexu-osasuneko gida bat egitea.

 

Euskadik beste urrats bat egin du gaur eskoletan hezkidetza lortzeko eta berdintasunaren bidean aurrera egiteko, 2019-2023 Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planaren Jarraipen Batzordearen bilerarekin. Pandemiaren ondorioz aurtengo ikasturtera arte luzatu den plana ebaluatu dute orain. Balorazio positiboa egin du Jarraipen Batzordeak eta erronka berriak proposatu ditu, etorkizunean ikastetxeetan berdintasuna eta tratu ona lortzera bidean.

Hain zuzen ere, plan horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bildu da gaur planaren Jarraipen Batzordea; Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Blanca Guerrero Langileak Kudeatzeko zuzendaria, Eduardo Ubieta ISEI IVEI Ebaluazio eta Ikerketarako Euskal Erakundeko zuzendaria, Irune Muguruza Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria, Xabier Balerdi Hezkuntzako ikuskari nagusia eta Maite Alonso Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea.

Plan horren ezarpena eta jarraipena egiteko, Hezkuntza Sailak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak lankidetza estuan jardun dute, hezkidetzaren zortzi zutabeen artean biltzen diren premisekin. Besteak beste, sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa garatzea, hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista saihestea, gatazkak modu baketsuan eraldatzea, hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean lantzea, eta emakumeen eta kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboen aurkako indarkeria prebenitzea eta horren aurrean jardutea biltzen dira zeregin nagusi bezala.

Hezkidetzari buruzko autoebaluazioa

Eskola gizarteratzeko funtsezko eragile dela jakinda, ikastetxeak ezinbestekoak dira ikasleen arteko botere-harremanak eraldatzen laguntzeko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko hezkuntza bermatzeko. Era berean, espazio egokia dira ikasle guztiak existitzen diren sexu-identitateen aniztasunarekiko errespetuan izan ditzaten euren giza-harremanak.

Ikastetxeek autoebaluaziorako tresna bat dute. Tresna honen helburua da gogoeta egitea eta lortutako hezkidetza-maila neurtzea, ikastetxean horri eusteko egin beharreko urratsak zein diren jakiteko.

Hezikidetzagunea atarian jasotzen den bezala (https://hezkidetzagune.euskadi.eus/eu/hasiera), hezkuntzak aukera-berdintasuna eman behar du, inolako diskriminaziorik gabe; izan ere, Jarraipen Batzordeak ziurtatu duenez, ez dago hezkuntzarik bizikidetzarik gabe.

Indarkeria-mota berriak, indarkeria desagerrarazteko tresna berriak

Indarkeria-egoerak prebenitzeak esan nahi du, halaber, arreta jarri behar zaiela emakumeen aurkako indarkeria-mota berriei, hala nola sexting-ari, sextorsioari, child-grooming-ari edo revenge porn-ari.

Era berean, arreta eskaini behar zaie arrisku eta egoera bereziki ahulean dauden kolektiboei, hala nola genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei (sarritan zuzeneko erasoak ere jasaten dituzte), desgaitasunen bat duten pertsonei, transexualei…

Egungo planaren garapenari buruz egindako balorazioaren ondoren, Jarraipen Batzordeak erronka berriak ezarri ditu, Hezkidetzaren III. Planean txertatzeko, hala nola Osasun Sailarekin batera Sexu Osasuneko Gida bat sortzeko beharra ikusi dute, ikastetxe guztiei zuzendua.