Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, harrera egin dio gaur goizez Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festa antolatzen ari den taldeari, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Hezkuntza sailburua eta sailburuordea San Nikolas ikastolako zuzendari Gaizka Arrizabalaga eta bertako presidente Unai Arzubiagarekin elkartu da. Bileran izan dira, aurrekoekin batera, Ibilaldia Elkarteko presidente Josune Bañales eta Ikastolen jaietako arduradun Joseba Aginagalde ere.
Getxon ospatuko da aurten ibilaldia, maiatzaren 26an, Algortako San Nikolas ikastolak antolatuta. Igande honetan ekitaldiz beteriko egitarauan “Txonbo!” egiteko gonbitea egiten du aurten antolakuntzak, horixe baita aurtengo jaiaren lelo jostagarria. Ikastola bera, San Nikolas plaza, Portu Zaharra eta Ereaga hondartza zeharkatuko dituen ibilbidean zehar jolas eta festa giroko 30 ekitalditik gora antolatu dituzte. Bizkaiko Ikastolen Ibilaldia jaia 46. ediziora iritsi da aurten.
Gaur goizeko bileran festaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiote antolatzaileek sailburuari, bai eta ikastolak datozen urteetarako eskuartean dituen erronka garrantzitsuen berri eman ere. Igandean bertan izango dela baieztatu die Bildarratz sailburuak.