- Gaur argitaratu dira Osakidetzaren webgunean 2018-2019ko EPEan eskainitako lanbide-kategorietako azkenari dagozkion izendapenen eta destino-esleipenen zerrendak. Horrela, EPE honetako behin betiko emaitza guztiak argitaratu dira
Osakidetzak 2018-2019ko EPEko behin betiko emaitza guztiak argitaratu ditu, gaur, bere webgunean, Goi Mailako Ingeniarien kategoriako izangaien behin betiko zerrenda, destinoen esleipena eta langile finkoen izendapenak jasotzen dituzten ebazpena argitaratuta.
Beraz, hautaketa-prozesua gainditu eta Osakidetzan lanpostu bat jabetzan lortu duten Osakidetzako 2018-2019ko EPEari lotutako esleipendun guztiek, ebazpenak gaur argitaratu ondoren, behin betiko izendapen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte itxaron besterik ez dute egin behar. Datozen egunetan argitaratuko dira, eta horixe izango da prozesuaren azken izapidea.
Joan den otsailetik, 2018-2019ko EPEko deialdien behin betiko emaitzak pixkanaka argitaratzen joan da Osakidetza, Enplegu Publikoaren Eskaintza honetan eskainitako 82 lanbide-kategoriei zegozkienak. Deialdi honi dagokion esleipen-prozesua osatzen da gaur Goi Mailako Ingeniarien kategoriako izangaien behin betiko azken emaitzak Osakidetzaren web-aplikazioan argitaratzearekin eta datozen egunetan EHAAn zabaltzearekin. Osakidetzaren Enplegu Publikoaren Eskaintzak 3.535 lanpostu eskaini ditu, bi fasetan banatuta, 82 lanbide-kategoriatan. Guztira 116.793 izangai aurkeztu dira.
2018-2019ko EPEan, batez ere, emakumezkoek parte hartu dute, izena eman duten 100.000 pertsonetatik % 83 emakumeak izan baitira.
FAMILIA-MEDIKUNTZA ETA PEDIATRIA
Azpimarratu behar da, era berean, Osakidetzak 279 lanpostu eskaini dituela Familiako Medikuntzako eta Pediatriako kategorietan, Lehen Mailako Arreta indartzeko, eremu horretan euskal osasun-sistemak bereziki behar baititu medikuntzako profesionalak.
2018-19ko EPEa enplegua finkatzearen aldeko apustua izan da, plantilla handitzeko eta Osakidetzako langileei lan-egonkortasun handiagoa eskaintzeko. Erronka horiek Osasun Sailaren 2020-2024 urteetarako Esparru estrategikoan ere jaso dira.
2018-19ko EPEak, abian dagoen 2020-21-22 urteetako eta Egonkortzeko EPErekin batera, Euskal Osasun Zerbitzuaren historian enplegu publikoa egonkortzeko eta finkatzeko egindako prozesurik jendetsuena osatu dute, bai eta Osakidetzaren historian egindako enplegu publikoaren eskaintzarik handiena ere. Hori guztia, noski, xede bikoitza izanik: alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburua betetzea, hau da, Osakidetzako langileen heren bati egonkortasuna eskaintzea, eta, bestetik, Erakundeak Europako estandarrarekin bat egin dezan lortzea, enplegu publikoaren behin-behinekotasun tasari dagokionez.