Ricardo Echepareren izena daraman ekimena aurkeztu da Donostiako Miramar Jauregian egin den ekitaldian. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroetako zuzendari izandakoaren izena eramango duen aretoa eta konferentziak izango baitira aurrerantzean.
Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak hartu dute parte.
Ricardo Echepare Zugastiren (Irun, 1942-2021) ibilbide profesional luzea UPV/EHUrekin lotuta egon zen nagusiki; horrela, euskal unibertsitate publikoaren Uda Ikastaroen eta Donostiako EUITIren zuzendaria izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran UPV/EHUko Uda Ikastaroak bultzatu zituen sortu berri zen unibertsitatea euskal gizartera hurbilarazi asmoz eta unean uneko akademiko, intelektual, artista eta politikari garrantzitsuenen nahitaezko hitzordu izatea lortu zuen.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak gogora ekarri duenez “Ricardo Echepare irakasleak gizartearen interesekoak ziren gaiak eta adituak aukeratzeko intuizio ezin hobea eta arazoei aurre egiteko eta talde-kudeaketarako gaitasun bikaina zituen. Bere ibilbidea dugu horren erakusle eta ekimen honen bitartez bere ekarpena aitortzeaz gain, Echeparek berezkoa zuen bokazioari eta izpirituari segida emanez, ezagutzaren dibulgaziorako konferentzia sorta berezi bat abiatuko dugu”.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Ricardo Echeparek ezagutzaren zabalkundearen mesedetan eta hezkuntzaren alde egindako apustua nabarmendu nahi izan du eta Echepare deituriko konferentziak izaera horri jarraituz ardaztuko direla eman du jakitera. Ikerketa zientifiko eta teknologikoaren ezagutzaren transferentzia eta inpaktu sozialaren inguruko konferentziak izango dira, aldi berean, goi-mailako hezkuntzari, ingeniaritzetako prestakuntza dualari eta kalitatezko unibertsitate-kudeaketari buruz aritzeko espazio prestigiotsua bilakatzea da xedea.
Eneko Goia Donostiako alkateak Donostiako hiria zientzia, berrikuntza eta ezagutzan nazioarteko erreferente izateko bidean, Echeparek izandako intuizioa eta ekarpena azpimarratu nahi izan ditu agerraldian, eta, aurrerantzean Miramar Jauregiko Errege Jangela aretoa Ricardo Echepare izeneko konferentziak hartuko dituen areto gisa ezagutuko dela gaineratu du.
Ricardo Echepareren omenezko lehenengo konferentzia datorren irailaren erdialdera ospatuko da UPV/EHUko Uda Ikastaroen klausurako ekimen gisa.
Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren arteko lankidetza markoa berretsi dute bi aldeek
Hezkuntza Sailak orain 43 urte abiatu zirenetik Uda Ikastaroen aldeko apustu garbia egin du. Ildo horretan, ikastaro hauen bidez ezagutzak sakontzera eta zabaltzera bideratutako prestakuntza-jarduera bultzatu nahi du, euskal jendarteak etengabe aldatzen ari den gizarte baten inguruan eztabaidatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko topagune bat izan dezan.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua argi mintzatu da. Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzaileko kide den aldetik, Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordetzaren edo horren lekuan unibertsitateen eskuduntza esleitua duen organoaren bidez, edizio bakoitzeko programa orokorra egiten laguntzen du. Bertan, egungo ziklo eta ildoekin batera, Zientzia eta Teknologia sustatu eta gizartean zabaltzeko jarduerak sartzen dira, Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi estrategiarekin bat eginez. Hauen helburuak hezkuntza-etapa guztietan hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, eremu horrekiko bokazioa eta asmo profesionalak inspiratzea, eta euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea dira.
Halaber, Uda Ikastaroak Fundazioarekin elkarlanean Irakasteko ikasten programa eta unibertsitatez kanpoko irakasleentzako etengabeko formakuntzako Prest Gara Plana sustatzen ditu Hezkuntza sailak.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak Hezkuntza Sailak Uda Ikastaroekiko duen etengabeko konpromisoa eskertu du eta Irakasteko Ikasten eta Prest Gara programek hezkuntza profesionalen eskutik eragiten duten inpaktu soziala azpimarratu du.
Hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak Uda Ikastaroetan
Aurtengo edizioan 17 ikastaro eskainiko dira Irakasteko Ikasten eta Prest Gara egitasmoen baitan. Ekainaren 6an hasi eta irailaren 21a bitartean askotariko ikastaroen artean ezagutzak eguneratzeko eskaintza topatuko dute hezkuntzako profesionalek. STEAM irakaskuntzaren oinarrizko osagaiak ezagutzeko aukera izango da; gazteen kultura digitalaren eraginaren azterketa egingo da; sorkuntza –antzerkia, literatura- hezkuntzan baliatzeko teknikak lantzeko aukera izango da; sentsibilitate handiko gaiei buruzko lanketak egingo dira – sexu heziketa, traumekiko sentikortasuna, suizidioa, heriotzaren pedagogia-; eta dislexia eta hizkuntza nahasmenduak izango dira hizpide, beste askoren artean. Programa osoa eskuragarri da esteka honetan: https://www.uik.eus/eu/jarduerak/programak-irakasteko-ikasten-eusko-jaurlaritza
Programa hauetan izena eman nahi duten profesionalentzat matrikula zabalik egongo da ikastaroak ospatzen diren egunera arte.
Uda Ikastaroetan izena emateko epea, zabalik
Uda Ikastaroak ekainaren erdialdean hasiko dira eta irailaren amaiera ia 200 jarduera programatu dira. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza.
Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia, Osasuna, Zuzenbidea zein Ekonomia eta Enpresari dagozkionak.
Bizi dugun aro hau ezin da ulertu adimen artifiziala eta iraunkortasuna lehen lerrora ekarri gabe. Egunerokoan alor guztietan zehar lerroan eragiten ari diren faktore garrantzitsuak dira biak ala biak, eta, honenbestez, ikastaroetako programak arakatzean antzemango denez, zeresan handia eragingo dute 2024ko UPV/EHUko Uda Ikastaroetan.
Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aditzera eman duenez “ zabalik dago Uda Ikastaroetan izena emateko epea. Gizarte kolektibo ezberdinentzat prezio bereziak eskaintzen dira. 25 urte arteko gazteei zuzenduriko eskaintza bereziari esker, adibidez, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko”.