Etxebizitza Sailak 94 milioi euro bideratuko ditu alokairua eta birgaitzea babesteko programetara

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak guztira 93.893.204 euro bideratuko ditu alokairu sozialerako eta etxeak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzera. Horixe jasotzen du Iñaki Arriola sailburuak egindako eta Gobernu Kontseiluari jakinarazitako Aginduan. Agindu horren bidez, argitara ematen dira etxebizitzen eta eraikinen alokairua eta birgaitzea sustatzeko 2024ko ekitaldian emango diren urte anitzeko dirulaguntzen lerroak finantzatuko dituzten ordainketa- eta konpromiso-kredituak.

Gobernu Kontseiluaren bilkuran, programa horien aurrekontu-estaldurarako baimena ere eman da. Hona hemen programak:

-38,54 milioi euroko dirulaguntzak esleituko dira egiturazko berrikuntzen (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasunaren (igogailuen instalazioa nagusiki) eta energia-efizientziaren bidez bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea bultzatzeko. Haietatik, 7,5 milioi euro ekitaldi honetako aurrekontuan sartuko dira, 26 milioi euro 2025ekoan, 3 milioi euro 2026koan eta 2 milioi euro 2027koan.

-Gazteek merkatu librean etxebizitzaren alokairua ordaintzeko Gaztelagun laguntza-programak 2024an emandako dirulaguntzetako 19,37 milioi euro jasoko ditu.

-Errentamendu babestua sustatzera 29,83 milioi euro bideratuko dira ekitaldi honetan eta hurrengo bietan. Funtsean, sustatzaile publiko eta pribatuek alokairu eskuragarriko etxebizitzen (edo aurretik zeuden eta eskuratu ondoren birgaitu diren etxebizitzen) sustapen berriko operazioak sustatzeko erabiliko dira, baita zuzkidura bizitokiak (AZBak) sustatzeko ere.

-Guztira, 5,7 milioi esleituko dira finantza-erakundeek sustatzaile publiko eta pribatuei, etxeei, jabeen erkidegoei, irabazi asmorik gabeko elkarteei eta erabilera-lagapeneko kooperatibei ematen dizkieten kredituen interes-puntuak subsidiatzeko eta, era horretan, alokairu babestuko etxebizitzak eta birgaitzea sustatzeko (irisgarritasuna eta etxebizitza hutsen mobilizazioa, aldez aurreko egiturazko birgaitzearen bidez), 2024ko Finantza Hitzarmenaren bitartez.

-Landa eremuetan eta eremu degradatuetan erabilitako etxebizitza librearen eskuratzeak 400.000 euroko aurrekontua izango du.