Hezkuntza Sailak  23 milioi euro bideratu ditu Antonio Trueba Institutuaren eraikin berria egiteko, Barakaldon

0
  • Eraikin berriak DBHko 6 lerro eta Batxilergoko 4 hartuko ditu
  • Lanak 2025eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 23.077.531,74 euroko aurrekontua bideratzea Antonio Trueba Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (IES Antonio Trueba BHI) eraikin berria eraikitzeko, Barakaldon.

Orotara 11.034 metro koadroko azalera eraikia izango duen eraikin berriak DBHko 6 lerro eta Batxilergoko 4 lerro izango ditu, eta Antonio Trueba BHIren aurreko eraikina zegoen orube berean eraikiko da, dagoeneko eraitsita baitago eraikin zaharra. Barakaldo erdigunean dago 6.000 metro karratu inguruko lursaila, Dolores Ibarruri, Ruben Dario eta Aldapa kaleen artean kokatua. Azken kale honetatik izango du oinezkoentzako sarrera Institutuak, eta bertara begira fatxada nagusia ere.

Eraikin trinkoa

Eraikuntza-proiektuaren proposamena eraikin trinko bat da, C forman eraikia, eta bere hegal nagusia Aldapa kalearekin paralelo altxatuko duena. Kokapen horrek orientazio ezin hobea emango die ikasgelei, ekialde-mendebalde orientazioa, bolumen nagusi honetan kokatuko baitira DBHko eta Batxilergoko gelak.

Institutuaren beste hegal bat eraikin nagusiarekiko perpendikularra izango da (orubearen iparraldeko muturrean), eta patiora irekitako L bat osatuko dute hegal biek. Patio horretan aterpe zabal bat nabarmenduko da, jolastokia eguraldi narrasetik babestuko duena. Beste muturrean (hegoaldean) gimnasioa – aldagela eta guzti – eta kirol-pista estalia egongo dira, eraikin nagusiaren luzakin gisa.

Lau solairuko eraikina izango da: beheko solairua eta horren gaineko hiru solairukoa. Beheko solairuan zuzendaritza, irakasleen gela, administrazioa, sukaldea eta jangela edo erabilera anitzeko gela egongo dira, besteak beste. DBHko eta Batxilergoko ikasgelak, mintegiak, laborategiak, liburutegia eta gainerako irakaskuntza-guneak goiko hiru solairuetan banatuko dira. Aipatutako lau solairuei sestra azpiko beste solairu bat gehituko zaie. Aparkalekua eta instalazio-gelak kokatuko dira hor.

Azken batean, itxura solidoko eraikina proiektatu da Barakaldorako, bolumen angeluzuzenez eta lerro zuzenez taxutua. Haren diseinu bioklimatikoak ikasgelak eguzki-begian izatea bermatuko du, bai eta kanpoko jolas-eremuak eguraldi txarretik (haize eta euritik) babestea ere. Institutu berrirako hautatutako materialek edo fatxadetan eta inguratzaileetan erabiliko diren eraikuntza-teknikek B kalifikazio energetikoa emango diote eraikin honi.

Eraikin berriak izango dituen instalazio nagusien artean, hauek dira aipagarrienak:

-DBHko 24 gela

-Batxilergoko 8 gela

-6 bikoizketa gela

-10 mintegi

-2 Musika-Drama-Audio gela

-2 Informatika gela

-2 Teknologia gela

-3 Plastika/Marrazketa gela

-Fisika laborategia

-Biologia laborategia

-Zientzia esperimentalen lab.

-Liburutegia, 141 m²

-Erabilera anitzeko gela, 220 m²

-Jantokia, 272 m²

-Sukaldea

-Gimnasioa, 547 m²

-Kirol pista estalia, 890 m²

-Kanpoko kirol pista, 1.399 m²

-Aterpea, 615 m²

Azalera eraikia orotara: 11.034 m²

Proiektuak 24 hilabeteko epea izango du eraikitzeko, obrak hasten diren unetik zenbatzen hasita. Gobernu Kontseiluak lan hauek egiteko gastua onartu ondoren, Hezkuntza Sailak Barakaldoko Antonio Trueba Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria eraikitzeko proiektua esleitzeko prozesua hasiko du, obrak 2025eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusita.