Aingeru Olabarrietak lehoi gisa debuta egin du

0

Luiaondoko erasoko hegaleko jokalaria denboraldi honetan Ernesto Valverderen aginduetara debuta egiten duen seigarren jokalaria da

Aingeru Olabarrieta Athletic Cluben kamisetarekin partida ofizial batean debuta egiten duen 640. lehoia bihurtu da. 18 urteko gazteak Iñaki Williamsen lekua hartu zuen 81. minutuan eta hamar minutu baino gehiago izan zuen hanketan duen kalitatea erakusteko. Denboraldi honetan Ernesto Valverderen esanetara debuta egin duen seigarren lehoikumea da, Imanolek, Unai Gomezek, Pradosek, Egiluzek eta Jauregizarrek gauza berbera ostean.

Luiaondoko erasoko hegaleko jokalaria kimu mailan iritsi zen Lezamara, Etorkizuna Ayalako FT taldetik. Harrobiko maila guztietatik igaro eta iaz Ohorezko Mailako Gazteen Mailatik zuzenean Bilbao Athleticera jauzi egin ondoren, pasa den igandeko Athletic Club-Sevilla FC norgehiagokan lehen taldearekin lehen pausoak emateko unea iritsi zitzaion, Iker Muniainek eta Raul Garciak San Mamesi agur esan zioten egunean.

Jokalariak ametsa bizi izan zuela onartu zuen: «Nire bizitza osoan zain izan dudan une bat da. Txikitatik bizi nahi izan dut hau. Egun ahaztezina da niretzat. Gainera, Iñaki Williams ordezkatu dut, Iker Muniainek eta Raul Garciak Katedralari agur esaten zioten egunean. Oso pozik nago amets hau betetzeagatik. Poz izugarria sentitu dut Ernestok irtetzeko deitu didanean, baina gero urduritasuna lasaitzeko zentratu behar izan naiz. Behin landan, kideek lasaitu egin naute eta nire onena eman dut«.