Donostiak Illunbe eta Erdialdearen arteko anezka zerbitzua eskainiko du uda honetan

0

Autobus-anezka zerbitzua uztailaren 13tik irailaren 1era egongo da martxan

Uztailaren 13tik, larunbatez, irailaren 1era, igandez, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, berriro lotuko dute Illunbeko aparkalekua hiri erdialdearekin autobus bidezko anezka zerbitzua bat jarriz.

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 13tik, larunbata, irailaren 1era, igandea, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:

  • Illunbeko geltokia: Irteerak 11:00etatik 22:20ra
  • Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era

Nobedadeak zerbitzuan

Anezka zerbitzuak bi nobedade izango ditu aurten:

  • Udako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean zerbitzu horren erabilera sustatzen jarraitzeko, Udaleko Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak akordio bat egin dute, hirira sartzeko errepide nagusietan jarritako panel argidunen bidez zerbitzuaren berri emateko eta ibilgailu pribatuak aparkaleku horretara gidatzeko.
  • Aurreko urteetan ez bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela. Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

Igarako aparkalekua

Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatzen ari da Udala, Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza izango ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregularrekin.

Garraio publikoa sustatzea

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak gogorarazi duenez, “zerbitzua batez ere uda garaian hiria bisitatzen duten pertsonei zuzenduta dago, eta Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdialdearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko”.

Yarzak nabarmendu du, halaber, “2020ko uztailean ekimen hau abian jarri zenetik, bisitatzen gaituztenek oso ondo hartu dutela zerbitzua, eta hala erakusten dutela 2023ko datuek, izan ere, orduan 37.715 bidaia egin ziren eta aurreko urtean, berriz, 23.401”.