Etxebizitza Sailak 2,4 milioi euroko dirulaguntza eman du Galdakaon alokairuko 60 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko

0
  • Apartamentuetatik 42 gazteen emantzipazioa bultzatzeko dira
  • Sailak ezaugarri horieko 800 etxe baino gehiago eraikitzen lagundu du 2008tik

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 2,4 milioi euroko dirulaguntza eman dio Galdakaoko Udalari, Ibarluze kalean Udalak udalerrian eraiki duen alokairuko 60 zuzkidura-bizitoki sustatzeko.

Dirulaguntza 40.000 eurokoa da eraikitako bizitoki bakoitzeko. Bizitoki horiek dagoeneko esleitu zaizkie bizikidetza-unitateei, haiek kudeatzeaz arduratzen den toki-administrazioaren bidez. 42 apartamentuk logela bat dute eta gazteei zuzenduta daude; 16 bizitoki bi logelakoak dira, guraso bakarreko familientzat dira, eta beste bik beharrezko egokitzapenak dituzte mugikortasun urriko pertsonak bertan bizi ahal izateko.  Guztiek dute sukalde osatua eta bainugela.

Alokairuko zuzkidura-bizitokiak ekipamenduetarako lurzoruko apartamentuak dira, eta, beren ezaugarriengatik, bereziki egokiak dira gazteen emantzipazioa errazteko. Irtenbide iragankorrak dira, aldi baterakoak, gehienez ere bost urtez bizi baitaitezke bertan, betiere errentariek ordainduko duten hileko kanon baten truke, eta kanon horrek ez du inola ere diru-sarreren % 30 gainditu behar. Ildo horretan, 60 bizitokietatik 42 gazteei zuzenduta daude. Sartzeko baldintzen artean daude Etxebiden alokairu erregimenean alta emanda egotea, bizikidetza-unitateko pertsona bat gutxienez udalerrian erroldatuta egotea, eta diru-sarrera haztatuak 8.000 eta 36.000 euro artekoak izatea.

Galdakaokoekin, Eusko Jaurlaritzak, 2008 eta 2023 bitartean, guztira 821 zuzkidura-bizitoki eraikitzen lagundu du, alokairu-erregimenean, toki-administrazioen eta gizarte-erakundeen bidez. Denbora horretan, guztira 43 milioi euroko dirulaguntza eman da, etxebizitza-premia berezia duten kolektiboek alokairu eskuragarria izan dezaten.