Euskal Kultura Ondarearen legeak jasotzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren lurralde historikoen administrazioek lan publikoa finantzatzera zuzendutako aurrekontu-atalen % 1 baliatu behar dute, gutxienez, Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, haien zabalkundea egiteko eta haien balioa nabarmentzeko. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika saila da aurrekontu hori kudeatzearen arduraduna eta horri erantzuten dio Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen deialdia. Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2024-2026 aldirako dirulaguntzak banatzeko deialdiak hiru milioi euroko aurrekontua du.
Honako hauek dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
- Kultura-ondareari balioa ematea, hau da, kultura-ondasunak ezagutzeko, balioa emateko, aitortzeko eta erabilera emateko jarduerak.
- Kultura-ondarea hedatzea, hau da, sentsibilizazioaren, sozializazioaren eta ondarearen interpretazioaren bidez ondare-balioen berri ematea.
- Babes berezi edo ertaineko kultura-ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa.
- Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta dauden ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak zaindu, aberastu eta babesteko beste edozein jarduera.
2024ko urtarriletik 2026ko azarora bitartean burutu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Iazko ekitaldian guztira 22 proiektu lagundu ziren Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko deialdiarekin. Diruz lagundu ziren proiektuen artean daude, besteak beste, Bermeoko harresiaren balioztapena, Ortuellako udaletxearen berritze lanak, Arkaiako aztarnategi arkeologikoari balioa ematea eta haren zabalkunde integrala egitea, Bergarako Arrizuriaga kultur espazioari erabilera berriak integratzeko proiektua, Debako HAB historiaurreko bailara ibilbidearen lehenengo fasea bukatzeko lanak edota Marutegiko gaztelua berreskuratzea eta balioa ematea.