Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntza deialdi bat onartu du. Honen bidez, laguntza ekonomikoak emango zaizkie 2024-2025ikasturtean zehar euskararen erabileran sakontzeko berrikuntza-proiektuak egiten dituzten ikastetxeei. Honako etapa hauek ematen dituzten itunpeko ikastetxeei zuzentzen zaie deialdia: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.
1.332.000 euroko diru kopurua duen deialdi honek bi modalitate bereizten ditu, aipaturiko berrikuntza proiektuak gauzatzeko:
A Modalidadea: Hizkuntza-komunikaziorako eta eleaniztasunerako gaitasuna garatzen duen ikastetxeko berrikuntza-proiektua, hizkuntzen tratamendu integral eta integratuaren bidez, bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak kontuan hartuta.
B Modalidadea: Ikastetxeko berrikuntza-proiektua. Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna eta gaitasun eleanitza garatzen ditu, eta curriculum-arloak atzerriko hizkuntzetan irakasten ditu, CLIL (Edukiaren eta Atzerriko Hizkuntzaren Ikaskuntza Integratua) metodologiaren bidez, diziplinarteko proiektuen bidez, eremuka lanean, eta abar.
Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango dira irakasleen prestakuntza jarduerak, beti ere Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua garatzeko proiektuei loturikoak. Besteak beste, honako hauek:
- Prestakuntza-jarduerak, hizkuntza-proiektuaren diseinuari eta garapenari lotuak.
- Ikuspegi didaktiko-metodologiko bati erantzungo dion prestakuntza, irakasleek hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala landu dezaten eta ikasleen komunikazio-konpetentzia garatzeko bide eman dezaten, metodologia aktibo eta berritzaileen bidez.
- Eguneratze metodologikoa, gutxienez hizkuntzaz besteko arlo edo irakasgai bat atzerriko hizkuntzan eman behar duten irakasleentzat (B modalitatean).
- CLIL (atzerriko edukien eta hizkuntzen ikaskuntza integratua)
- Alfabetatze aniztunak.
- Irakurketa irakasteko prozesuekin lotutako estrategia metodologikoak.
- Ikasleengan irakurketa-ohiturak garatzeko eta irakurketa sustatzeko estrategiak.
- Hizkuntza eskuratzeko prozesua: atzerriko hizkuntza bat goiz sartzea.
- Indarrean den curriculumaren jarraibideekin bat datozen curriculum-material berritzaileak sortzea.
- Hizkuntzaren tratamendua curriculumaren arlo eta jakintzagaietan: trebetasun kognitibo-linguistikoak.
- Komunikazio-konpetentzia garatzen lagunduko duten metodologia aktiboak.
- Hizkuntzen ikaskuntzan proposamen eta tresna digitalak aplikatzea eta ekoiztea.
- Gelan proposamen pedagogiko berritzaileak ezartzea, hizkuntza-trebetasunak eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeko.
Deialdi honek 1.332.000 euroko zenbatekoa du orotara. Dirulaguntza hauek jasotzeko aukera izango dute nortasun juridikoa eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu edo araudi-harremanak dituzten federazio edo elkarteek. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta estatu mailako ikastetxeek osatu ahal izango dituzte federazio edo elkarte horiek, baina estatu mailako ikastetxeek osatutakoek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza, hizkuntza-proiektua Euskadiko ikastetxeetan gauzatu beharko dute, hiru ikastetxe gutxienez EAEn izan beharko dituzte kokatuta eta itundutako 50 gelatik gora izan beharko dituzte.