- Egiaztatutako ikastetxeek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskola-sarea osatzen dute, eta bertan elkarrekin bultzatzen dute jasangarritasunerako hezkuntza
- Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak nabarmendu du euskal hezkuntza-komunitateak Euskadiko ingurumenaren etorkizunaren eta jasangarritasunaren alde duen konpromisoa
- Aitorpen-ekitaldia Ekoetxea Urdaibai zentroan egin da Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, eta ingurune naturaletan hondakinak biltzeko herritarrei zuzendutako kanpaina berri bat bultzatzeko balioko du
Eusko Jaurlaritzako 2030eko Eskola Agenda programan parte hartu duten hamahiru ikastetxek jaso dute gaur goizean “Eskola Jasangarriak” ziurtagiria, eskola jasangarriak eta berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren aldeko horien apustua aitortzen dituena. Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordea, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarekin batera, izan dira gaur goizean, mundu osoan ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, Ekoetxea Urdaibai zentroan (Busturia) ziurtagiriak banatzeko egin den ekitaldian.
Ziurtagiri hau duten ikastetxe publiko eta itunpekoek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskolen sarea osatzen dute, eta horietako irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek elkarrekin bultzatzen dute jasangarritasunerako hezkuntza. Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak bere esku-hartzean nabarmendu du euskal hezkuntza-komunitateak Euskadiko ingurumenaren etorkizunaren eta jasangarritasunaren alde duen konpromisoa. Bestalde, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak nabarmendu du ziurtagiri honek duen garrantzia, euren lana, prozedurak, esperientziak eta, azken batean, ikastetxeek hezkuntzari, parte-hartzeari eta jasangarritasunari dagokienez duten kalitatea aitortzen baititu.
Ekitaldian ikasleek eta irakasleek parte hartu dute, eta haiekin batera Eusko Jaurlaritzak aitortutako ikastetxeak dauden herrietako udal-ordezkari eta alkateak ere izan dira. 2030eko Eskola Agendaren “Eskola Jasangarri” ziurtagiria jaso duten ikastetxeak 11 udalerritakoak dira:
Arabako 2 ikastetxe: Legutio, Gasteiz
Bizkaiko 9 ikastetxe: Bilbo, Durango, Getxo, Lekeitio, Markina, Muskiz, Zaldibar
Gipuzkoako 2 ikastetxe: Hondarribia, Zarautz
Ingurumenaren Mundu Eguna
“Eskola Jasangarria” ziurtagiria emateko ekitaldia Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta egiten da. Nazio Batuek 1972n ezarri zuten egun hori, eta Euskadiko Ingurumen Zentroen Ekoetxea Sarearen aldetik ingurune naturaletan hondakinak biltzeko herritarrei zuzendutako kanpaina berrirako esparrua izango da. Ihobek, Eusko Jaurlaritzako ingurumena kudeatzeko sozietate publikoak, kudeatzen du, eta, horrez gainera, Let´s Clean Up Euskadi 2024 kanpainako Euskadiko erakunde eta ikastetxeen parte hartzea ere koordinatzen du, parte hartzen duten erakundeak eta herritarrak lurzoru osasungarria eta hondakinik gabea mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Informazio gehiago eta izen-emateak Ekoetxea Sarearen (www.ekoetxea.eus) eta Ihoberen web-orrietan (https://www.ihobe.eus).
Eskola Jasangarriak 2024
CENTRO EDUCATIVO | LOCALIDAD |
CPEIPS Olabide Ikastola HLBHIP | VITORIA-GASTEIZ |
CEIP Garazi HLHI | LEGUTIO |
CPEPS Jesuitak Indautxu LBHIP | BILBO |
CPEIPS Kirikiño Ikastola HLBHIP | BLBO |
CPEIPS Madre De Dios HLBHIP | BILBO |
CPEIPS San Jose-Jesuitak HLBHIP | DURANGO |
CEIP Zubileta HLHI | GETXO |
IES Lekeitio BHI | LEKEITIO |
CPEIPS Bera-Kruz Ikastola HLBHIP | MARKINA |
CPEIP San Juan Ikastetxea HLHIP | MUSKIZ |
CEIP Zaldibar HLHI | ZALDIBAR |
CEIP Talaia HLHI | HONDARRIBIA |
CPEIPS Salbatore Mitxelena HLBHIP | ZARAUTZ |