Mundura begirako leihoa

0

Mundura irekita dagoen unibertsitatea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. Horren erakusgarri dira mundu osoko unibertsitate ospetsuekin gauzatzen dituen askotariko akordioak eta programak. Eta unibertsitateko kideen nazioarteko mugikortasuna gero eta handiagoa da.

“Nazioarteko mugikortasunerako azken deialdiek arrakasta handia izan dute, eta parte hartzaile kopurua oso altua izan da. Baina arrakasta hori ez da kasualitatez gertatu. Euskal Herriko Unibertsitateak urteak daramatza lanean mugikortasun horiek bultzatzeko, modu horretan elkartruke kulturala eta elkarrekiko ulermena sustatzeko konpromiso sendoarekin. Eta datozen edizioetan parte hartze zifrek gora egiten jarraitzea espero da”, esan du Junkal Gutierrezek, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. Hala ere, deialdi hauen arrakasta ez zatekeen posible izango “interesdun ugariren laguntzarik eta dedikaziorik gabe; esaterako, administrariak, dekanordeak edota nazioarteko bazkideak. Horien lanak eta konpromisoak bidea erraztu dute gero eta parte hartzaile gehiago anima daitezen haien bizitzan eta ibilbidean aztarna utziko duten esperientzia aberasgarri horietan murgiltzera”.

Hala, trukerako programa zehatzen bidez eta bi aldeko akordioen bidez, UPV/EHUko graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleek aukera dute atzerrian ikasteko, “mundu osoko unibertsitate ospetsuetan”. Hainbat ingurune kulturaletan murgiltzen dira, haien esperientzia akademikoa aberasten duten bitartean. “Dena den, nazioarteko mugikortasuneko egitasmoak ez dira ikasleen trukera mugatzen, eta barne hartzen dituzte irakasle-ikertzaileak eta teknikariak, eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ere. Ikerketaren, irakaskuntzaren eta kudeaketaren kalitatea hobetzeaz gain, parte hartzen duten erakundeen mundu mailako ospeari eta prestigio akademikoari ere laguntzen diete lankidetza horiek. Izan ere, talenturik onenak erakartzen dituzte eta berrikuntza sustatzen dute, kulturarteko lankidetzaren bidez”.

2.095 plaza esleitu dira 

Gaur egun, nazioarteko mugikortasunerako eskaintza askotarikoa da, eta UPV/EHUko Nazioarteko Harremanen Bulegoak kudeatzen ditu deialdiak. Hauek dira programa nagusiak: dagoeneko enblematikoa bilakatu den Erasmus+, EBrena; eta Latinoamerikako eta Beste norakoetako programak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituztenak.

2024/2025 ikasturterako 2.095 plaza esleitu dira guztira (horietatik 1.513 ikasketetarako Erasmus+ programan, 499 Latinoamerikako programan eta 83 Beste norakoetan), 56 herrialdetan banatuta.  “Errekorra da, datu historikoei begiratuz gero”, nabarmendu du Junkal Gutierrezek.

Halaber, Erasmus+ ICM mugikortasun deialdietan (Europatik kanpo) 72 beka esleitu dira orain dela gutxi (horietatik 65 irakaskuntzakoak edo irakasle-ikertzaileei eta teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzendutako prestakuntzakoak), mundu mailako ospe handiko unibertsitateetan egonaldiak egiteko; adibidez: UC Berkeley (AEB), aldaketa klimatikoaren eta ur gezako ekosistemen arloan; University of British Columbia (Kanada), arkitektura eta egurraren ingeniaritza arloan; Tokyo Institute of Technology (Japonia), robotikan; Stellenbosch University (Hegoafrika), kirolaren fisiologian; eta, IT Bombay (India), ingeniaritza biomedikoan.

Euskal Herriko Unibertsitateak laguntzak eskaintzen dizkie hautatutako pertsonei, bidaia eta mantenu gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa ezberdina da programaren eta norakoaren arabera. “Halaber, aukera berdintasuna sustatzeko eta bazterkeria mota oro deuseztatzeko, laguntza gehigarriak daude, aukera gutxiago dituzten parte hartzaileei mugikortasunak gerturatzeko: laguntza finantzario osagarria, laguntza linguistikoa, talde minoritarioen inklusioa, laguntza psikologikoa, programa akademikoen egokitzapena…”.

“Nazioarteko mugikortasunak funtzio garrantzitsua izaten jarraitzen du kulturen arteko zubiak eraikitzeko eta elkar ulertzea sustatzeko. Deialdi berri bakoitzarekin, bikaintasun akademikoarekiko, nazioartekotzearekiko eta ikasleen eta langileen garapen pertsonalarekiko duen konpromisoa berresten du unibertsitateak”, amaitu du Junkal Gutierrezek, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak.