Osasun Sailak 2024ko Bero Plana aktibatu du tenperatura handiek herritarrengan dituzten ondorioak prebenitzeko

0
PRUEBA
  • Aurten berrikusitako parametroekin eguneratuta, arreta berezia jartzen da arrisku-populazioan: 4 urtetik beherakoak, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta aire zabalean jarduera fisikoa egiten dutenak

Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, 2024ko Bero Plana aurkeztu du. Irailaren 30era arte garatuko da, eta helburua da gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen inpaktua prebenitzea eta murriztea urteko hilabete beroenetan, bereziki egoera ahulenean dauden kolektiboei dagokienez.

Aurreko urteetan bezala, Segurtasun Sailak aktiboki parte hartzen du planean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, eta beroak osasunean dituen ondorioei buruzko informazioa eta horiek prebenitzeko gomendioak jasotzen ditu, bai herritarrentzat, bai inplikatutako beste erakunde batzuentzat. Horretarako, funtsezko hiru elementutan oinarritzen da: tenperaturen iragarpena eta ebaluazioa; tenperatura altuek osasunean dituzten ondorioen zaintza epidemiologikoa; eta abisuak eta prebentzio-neurriak jakinarazteko sistema bat bero handieneko aldietan.

2024ko Bero Planean jasotako herritarrentzako gomendioek azpimarratzen dute oso garrantzitsua dela arreta handiz jokatzea tenperatura altuetan, lau urtetik beherakoekin, adinekoekin, haurdun dauden emakumeekin eta gaixotasun kronikoak dituztenekin. Era berean, gomendatzen da bakarrik bizi diren adinekoekin maiz harremanetan jartzea, eta inor ez uztea aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, batez ere egunaren erdiko orduetan.

Era berean, eta tenperatura altuen kasuan ere, Osasun Sailak azpimarratu du komeni dela intentsitate handiko jarduera fisiko ez egitea, eta ahalegin fisiko handiena, bai lanekoak, bai aisialdikoak, bero gutxien egiten duen orduetan egitea. Halaber, gomendatzen da ur eta likido fresko gehiago edatea, egarri ez izan arren; egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea; arropa egokiekin, betaurrekoekin eta babes-faktorea duten kremekin babestea; eta arropa argi, zabal eta arinarekin janztea. Eta etxean, dutxa edo bainu hotzak hartzea gomendatzen da; freskatzen duenean leihoak zabaltzea, eta leihoak eta pertsianak egunez ixtea; haizagailuak erabiltzea; eta bero gehien egiten duen orduetan etxetresna elektrikorik ez konektatzea.

Bero Plana erakundeekin elkarlanean ezarri da, besteak beste, OSALANekin, Beti On Telelaguntza Zerbitzu Publikoarekin eta tokiko erakundeekin, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalekin, eta hainbat eremu eta erakunderentzako gomendio jasotzen ditu, besteak beste:

  • Toki-administrazioak
  • Adinekoentzako egoitza-zentroak
  • Etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, telelaguntza-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak
  • Lan-eremua (Osalan)
  • Kirol-probak antolatzea

Tenperaturen zaintza eta iragarpena Euskalmetek zehaztutako lau eremu klimatikotan egiten da Euskadin, eta, aurten, populazioen osasunean ondorioak agertzearekin lotutako tenperatura-atalaseak eguneratu dira. Tenperaturen intentsitatearen eta iraunkortasunaren arabera, hiru arrisku-maila zehazten dira: horia (abisu-egoera), laranja (alerta) eta gorria (alarma). Horietako bakoitzean abisuak ematen dira, eta prebentzio-neurriak gomendatzen dira herritar guztientzat eta talde kalteberentzat. Plana aktibatzen den bitartean, beroari egotzitako hilkortasunaren jarraipen espezifikoa ere egingo da.

 BEROAREN ONDORIOAK PREBENITZEKO GOMENDIO OROKORRAK

A.   Berotik babestea

 

Aire zabalean

•      Egunaren erdiko orduetan eguzkitan egotea saihestea.

Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.

•      Eguzkitik babestea kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babeslea erabiliz.

•      Erabili arropa arina, lasaia eta izerditzen uzten duena.

•      Saihestu jarduera fisiko bizia egitea tenperatura altuko uneetan, eta batez ere bero handieneko orduetan.

•      Osasun-langileekin kontsultatu tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa…).

 

Etxean eta barrualdeetan

•      Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altua denean.

•      Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.

•      Eguneko ordurik beroenetan, saihestu beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak eta aparatuak erabiltzea.

•      Haizagailu elektrikoak erabiltzea aringarria izan daiteke, baina tenperatura 35º C-tik gorakoa denean, ez dira baliagarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura jaisten.

•      Bero handia nabaritzen bada, hartu ur hotzeko dutxak edo bainuak.

Beste aukera bat da gorputza freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.

•      Ezin bada etxea freskatu, pasa 2-3 ordu egunean leku fresko batean (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).

 

B.   Deshidratazioa saihestea

 

•      Ura eta likidoak maiz edan, egarri izan arte itxaron gabe.

•      Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo oso azukredunak.

Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.

•      Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitzea, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak birjartzeko.

•      Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, zaildu egiten baitute berora egokitzea.

 

C.    Pertsona kalteberenak zaintzea

•      Edozein pertsonak beroaren ondorioz arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia eskaini behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, baita adineko pertsonei eta gaixotasunak dituztenei ere.

•      INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, gerizpean egon arren.

•      Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko. Beraz, komeni da haiek egunean behin gutxienez bisitatzea.

Larrialdiren bat gertatuz gero, deitu 112ra

 

Informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean

https://www.euskadi.eus/informacion/disfruta-del-verano-protege-tu-salud/web01-a3visol/es/