Astekonomiak maiatzeko lan-merkatuaren eta Euskadiko industria-produkzioaren azken adierazleak aztertzen ditu aste honetan

0
PRUEBA

Astekonomiak maiatzeko lan-merkatuaren azken adierazleetan jartzen du arreta gaur. Adierazle horien arabera, langabeziak behera egin du eta Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du Euskadin. Orobat, asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpen honek industria-produkzioaren apirileko balantzeari leiho bat irekitzen dio. Hain zuzen, industria-produkzioak % 1,4ko murrizketa izan zuen.

Alde batetik, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia, bi hilabetez gora egin ondoren, % 1,4 murriztu zen maiatzean, urte arteko tasan. Balio absolutuetan, langabeen kopurua 106.400era iritsi zen, hau da, 2008tik maiatzean izandako erregistrorik txikiena. Bilakaera hori emakumeen kolektiboak izandako portaera onaren ondorioa izan zen (–% 1,4); gizonen kolektiboak, berriz, ez zuen ia aldaketarik izan.

Maiatzean, Gizarte Segurantzako afiliazioak % 1,7 gora egin zuen aurreko urteko aldi beraren aldean. Hala, serie historiko osoaren errekorra berretsi da, 1.019.200 afiliazio erregistratu ondoren. Azken hilabeteetan bezala, emakumeek (% 2,0) gizonek (% 1,4) baino parte-hartze handiagoa izan dute bilakaera horretan.

Eustatek argitaratutako datuen arabera, Euskadiko industria-produkzioa % 1,4 murriztu zen apirilean aurreko urteko aldi beraren aldean. Jaitsiera horretan indizearen osagai guztiek parte hartu zuten, ekipo-ondasunek izan ezik, urte arteko % 5,8ko hazkundea izan baitzuten.

Asteroko laburpen hau minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, eta gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea du helburu.