Lehoiek Unai Emeryren taldea izango dute aurkari Walsalleko Bescot zelaian
Athletic Clubek Aston Villa FC taldearen aurka jokatuko du datorren abuztuaren 7an, asteazkenean, Walsalleko (Ingalaterrako) Bescot Stadiumean, Euskal Herriko 20:30etik aurrera (19:30 BTS). Udarako lehoiek duten konfirmatutako lehen lagunartekoa da honakoa.
Unai Emery entrenatzaile euskaldunak hirugarren denboraldia beteko du ‘Villans’ taldearen aulkian. Taldea erabat eraldatu du eta datorren denboraldian Txapeldunen Ligan lehiatuko da berriro talde ingelesa, azken parte hartzetik 41 urte pasa eta gero.
Aurreko denboraldian, Birminghamen egoitza duen taldea Premier Leagueko laugarren postuan sailkatu zen eta Conference Leaguen finalerdietan erori zen, gerora txapelketako garailea izango zen Olympiacos FC taldearen aurka galdu ondoren.
Abuztukoa bi taldeen arteko seigarren norgehiagoka izango da, izan ere, lehenago, UEFA Europa Leagueko bi kanporaketa eta lagunarteko neurketa bat jokatu dituzte:
- Athletic Club 2-0 Aston Villa FC. Lagunartekoa. 1977ko abuztuan.
- Aston Villa FC 2-0 Athletic Club. 1977/78 UEFA Europa Leagueko final-zortzirenetan.
- Athletic Club 1-1 Aston Villa FC. 1977/78 UEFA Europa Leagueko final-zortzirenetan.
- Athletic Club 0-0 Aston Villa FC. 1997/98 UEFA Europa Leagueko final-hamaseirenetan.
- Aston Villa FC 2-1 Athletic Club. 1997/98 UEFA Europa Leagueko final-hamaseirenetan.