Udalak erabilera gehien duten eremuak indartu ditu, bizikletak horretarako egokitutako guneetatik kanpo ez aparkatzeko
Donostiako Udalak, azken udetan bezala, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko ditu hondartzetatik eta igerilekuetatik gertu. Horrela, hiriak 216 plaza gehiago izango ditu aldi baterako aparkalekutan, Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzetan eta Paco Yoldi kiroldegiko igerilekuetan banatuta.
Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, «aldi baterako aparkaleku hauek gure hirian dauden ia 8.300 plaza iraunkorrei gehitzen zaizkie, eta udan gehien erabiltzen diren eremuetan banatzen dira aurten ere».
Aldi baterako aparkalekuak
Aparkaleku horiek aste honetan zehar jarriko dira, eta hiriko honako bost gune hauetan kokatuko dira:
- Zurriola pasealekua (Kursaaleko kubo txikiaren ondoan): 6 aparkaleku / 54 plaza
- Jesus Mª Leizaola pasealekua (kai-muturra): 6 aparkaleku / 54 plaza
- Kontxa pasealekua (Rafael Munoa): 3 aparkaleku / 27 plaza
- Kontxa pasealekua (tunelaren ondoan, Antigua aldean): 3 aparkaleku / 27 plaza
- Anoeta pasealekua (Paco Yoldi kiroldegiaren ondoan): 3 aparkaleku / 27 plaza
Modu egokian aparkatu
«Mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiten dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabazten jarraitzearen alde, eta, horrelako neurriekin, horien erabilera sustatzen jarraitu nahi dugu«, nabarmendu du Yarzak. «Era berean, arduraz jokatzeko eta horretarako diren aparkalekuak erabiltzako deia egin nahi dugu, gune publikoaren erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko”, gaineratu du.
Udalak bizikleten erabiltzaileei gogorarazten die, Oinezkoen eta ibilgailuen Zirkulazioari buruzko ordenantzak ezartzen duen bezala, debekatuta dagoela barandetan, zuhaitzetan edo bestelako hiri-altzarietan aparkatzea.
2024/06/10-an argitaratua