Euskaber: “Hazinnovaren bidez gure bezeroen erosketa-faktoreak ezagutu ahal izan ditugu, gure produktuaren irudia sendotzeko”

0
PRUEBA

Landako oiloek ekoiztutako arrautzak saltzen dituzten 38 baserritarrek osatutako kooperatiba da Euskaber. Fokua hurbiltasuneko ekoizpenean jarrita, arrautzak Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako biltegietan, saltoki txikietan, supermerkatuetan, hipermerkatuetan eta ostalaritzako lokaletan eros daitezke. Guztira 900 salmenta-puntu baino gehiago ditu, eta Zaldibian (Bizkaia) du bere sailkatzeko eta ontziratzeko zentroa 36 langilerekin, 18 emakume eta 18 gizon. 

Animalien ongizatea Euskaberen oinarrietako bat da. Aske hazitako oiloak dituzte, zerealez soilik elikatuak, eta horrek kalitatezko produktuak bermatzen ditu. Izan ere, baserritarren kooperatibak ekoiztutako arrautzak Eusko Label zigilua jaso dute. 

Euskaberek hiru aldiz parte hartu du SPRI Taldeak sustatutako Hazinnova programan, eta azken edizioan markaren posizionamendu-proiektu batean aritu da. ‘Focus group’ baten bidez, diseinatutako kutxatilen hainbat eredu probatu ziren, eta, hala, bezeroen erosketa- eta erabaki-faktoreak ezagutu ziren. “Proiektu hau oso garrantzitsua izan zen guretzat, kutxatila hegaztien sektoreko komunikazio-elementu estrategikoa baita”, zehaztu du Karmele Pikabea Euskabereko gerenteak. 

Azkenik, focus grouparen ondorioen arabera, jatorrizko kutxatila arrakastatsuena izan zen. “Transmititu nahi ziren balioak eta gure bezeroek bilatzen zituzten erosketa-faktoreak hobekien islatzen duena da”, adierazi du Karmele Pikabeak. Ondorio horrekin, eta jatorrizko kutxatilari aldaketa txiki batzuk gehituta, kooperatibatik urte askoan erabiltzeko asmoa duen diseinu bat finkatu da, “eta, hala, gure produktuaren irudia sendotu”. 

“Gure Helburua etorkizunean gure egoera defendatzea da, gure baserritarrei bizimodu duina bermatuz”, adierazi du Euskabereko gerenteak. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.