Urkullu Lehendakariak harrera egiteko euskal eredua defendatu du, Europan indarra hartzen duten gorroto, arrazakeria eta xenofobia mezuen aurrean

0
PRUEBA
  • “Aniztasuna naturaltasunez integratzen dakien gizarte baten aldeko euskal eredua eraikitzen jarraitu behar dugu”, esan du
  • Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak XX. urteurrena ospatuko du Bilboko Bizkaia Aretoan

Iñigo Urkullu lehendakariak Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren XX. urteurrena ospatzeko Bilboko Bizkaia Aretoan antolatutako ekitaldietan parte hartu du gaur arratsaldean. Bere hitzaldian, Harrerako Euskal Eredua nabarmendu du, eta Ikuspegiren lana goraipatu du, “Jaurlaritzak eta euskal erakundeek bultzatutako migrazio-politikak garatzeko” bidea erakutsi duen “itsasargi” gisa.

“Urte hauetan, euskal biztanleria aldatu egin da; atzerritar jatorriko biztanleria hazten joan da. Horrela, 1998tik, 250.000 pertsonak bizitza berri bati ekin diote gure artean”, adierazi du Lehendakariak. “Ikuspegi migrazio-politiken itsasargia izan da. Txosten edo azterlan bakoitzak euskal gizartearen erradiografia erakutsi du; gaur egun pluralagoa, anitzagoa eta arraza anitzagoa den gizartea”, gaineratu du.

Ildo horretan, Urkullu lehendakariak Migraziorako Euskal Itun Sozialaren leloa gogorarazi du, Jaso nahi genukeena eskaini, eta egiaztatu du Euskal Herriak badakiela zer eskaini behar duen, herri migratzailea delako. “Hogei urte hauetan Ikuspegi sortu dugu, Ituna onartu dugu eta harrera-egitura bat finkatu dugu. Gainera, Migraziorako Euskal Foroa dugu, migratzaileen kolektiboek parte hartzen dutena”, azaldu du, eta harrera-ereduei buruzko Europako txosten bateko datuak eman ditu.

“Europar Batasunaren MIPEX txostenak zazpi herrialdetako 25 eskualde aztertzen ditu. Euskadi bigarren kokatu da Europan, 77 punturekin 100etik, eta Vienak bakarrik gainditu du, 78 puntu lortu baititu. Estatuaren buruan gaude. Erreferentzia gisa, Kataluniak 64 puntu lortu ditu; Nafarroak 47 eta Valentziako Erkidegoak 28”, azaldu du.

Puntu horretan, lehendakariak berariaz aipatu du Hirugarren Sektore Sozialarekin lankidetzan aritu dela “aldebiko harremanaren euskal eredu hori positiboa eta eraikitzailea izan da beti”.

“Igande honetan egiaztatu dugu gorroto, arrazakeria eta xenofobia mezuek indarra hartzen dutela dirudien Europa batean bizi gara. Euskal eredua eraikitzen jarraitu behar dugu, aniztasuna naturaltasunez integratzen dakien gizarte baten alde. Horretarako, Immigrazioaren Euskal Behatokiaren lana beharrezkoa izan da, eta hala izaten jarraitzen du”, nabarmendu du Urkulluk.

Amaitzeko, lehendakariak berretsi du Ikuspegiren lana “ezinbestekoa” dela, eta lankidetza hori “sakontzen eta indartzen” jarraitzearen alde agertu da.