Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Iruña Okako alkate Miguel Ángel Montesek Santa Katalinako Lorategi Botanikoko obrak bisitatu dituzte

0
PRUEBA
  • Lorategiak milioi bat euroko inbertsioa jaso du ureztatzeko eta argiztatzeko sistemak eraberritzeko, euri-uren bilketa hobetzeko eta ibilgailu elektrikoen karga-gune bat jartzeko

 

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok nabarmendu du PSTDak oso garrantzitsuak direla Arabako natura- eta kultura-ondarea indartuko duen turismo arduratsu eta jasangarria sustatzeko

 

Iruña Oka, 2024ko ekainaren 13a. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Miguel Angel Montes Iruña Okako alkateak Santa Katalinako Lorategi Botanikoaren jasangarritasuna hobetzeko egiten ari diren obrak bisitatu dituzte gaur, gobernu-taldeko zinegotziekin batera. Bertan, Iruña Okako (Araba) proiektu turistikoan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte. Ekintza horiek Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko lehen Lurralde Planaren parte dira, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze Planak bultzatua, eta Next Generation EU funtsekin finantzatua.

Lanak joan den maiatzean hasi ziren, ureztatze-sistema osorik eraberritzeko eta lorategiaren instalazio elektrikorako, egungoen ordez sare berriak jarriz. Gainera, euri-urak biltzeko sistema bat eraikiko da, eta parkearen beheko aldean kokatutako depositu berri batean biltegiratuko dira, ondoren ureztatzeko erabili ahal izateko, lorategi botanikoaren ur-kontsumoa eta aztarna ekologikoa nabarmen murriztuz. Jasangarritasunean aurrera egiteko ildo beretik, auto elektrikoak kargatzeko gune bat jartzea ere aurreikusita dago, eta animaliak zaintzeko hainbat kamera jarriko dira, lorategian bizi den fauna erregistratzeko. Era berean, lorategi osoa wifi seinaleaz hornituko da, bisitariei eta langileei sarerako sarbidea errazteko.

Iruña Oka Planaren lehen deialdiko hamaika helmugetako bat da Euskadin. Lorategi Botanikoa Arabako gune berezienetako bat da. Interes eta erakargarritasun turistiko handiko lekua da, 8 mende baino gehiagoko historia biltzen du barrualdean, eta 1.200 espezie baino gehiago bere kanpoaldean.

Udalerriak milioi bat euro ditu bere lehiakortasuna handitzeko funtsezkoak diren hainbat jardueratarako, turismo-eskarian trakzio-efektua izateko eta turismo-sektore pribatua dinamizatzeko, jasangarritasuna eta digitalizazioa modu eraginkorrean txertatuz baliabideen kudeaketan. Planteatutako helburuen ildotik, esku-hartzeak energia-eraginkortasunerako eta ingurumen-hobekuntzetarako beharrezkoak diren hobekuntzak ezartzera bideratuta daude, ur-kontsumoa murrizteko eta uraren erabilera optimizatzeko, eskaintza digitala eguneratzeaz gain. Proposatutako ekintzak egokiak dira espero diren helburuak eta emaitzak lortzeko, eta prestaketa-egoera aurreratuan daude, kasu gehienetan aldez aurreko proiektuekin, eta horietako batzuk gauzatzeko lizitazio-prozesuan daude.

Sailburuak PSTD planei emandako laguntza azpimarratu du, sektorearen dinamizazio ekonomikoan ez ezik, Arabako natura- eta kultura-baliabideak babesten eta balioesten ere lagunduko duelako.

Bestalde, Iruña Okako alkate Miguel Angel Montesek azpimarratu duenez, lorategiak garrantzi handia du “udalerriaren motor turistiko” gisa eta berretsi egin du Udalak jasangarritasunaren alde egin duen apustua, “Trespondeko naturgunea erreferente bihurtuko dute, ez bakarrik turismoaren eta kulturaren arloan, baita ingurumenaren arloan ere, Arabako probintziaren barruan”.