Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean errealitate birtuala hasi dira erabiltzen haurrek ziztatzeari dioten beldurra murrizteko

0
PRUEBA
  • Gutxi gorabehera, 2.500 haurrentzat izango da onuragarria adierazitako teknologia, estimulu mingarrian jarritako arreta murrizten eta galarazten laguntzen baitu
  • Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako Zuzendaritza eta Berrikuntzako Zuzendariordetza lankidetzan aritu dira zauri konplexuen tratamenduan errealitate birtuala erabiltzeari buruzko azterlana egiteko

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean programa bat hasi dute haurrei odola ateratzeko prozesuan errealitate birtuala erabiltzeari buruz, ziztatzeak eragiten dien beldurra eta antsietatea murrizte aldera.

Errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzean, haurrek entretenitzeko irudiak ikusiko dituzte eta, horien bidez, odola ateratzeko prozesuan ez dira ohartuko orratzei eta osasun-langileei dieten beldurraz. Jakiteko noiz den ziztatzeko une egokia, betaurrekoen bidez ikusten den edukia emititzen duen monitorea izango dute erizainek.

Odola ateratzean errealitate birtuala erabiltzeko adin egokiena 5 urtetik aurrera izango da, eta proiektuan parte hartzen duten haurrek ezingo dute teknologia hori erabiltzeak konplikazioren bat eragingo dien gaixotasunik izan. Hauexek dira teknologiaren eragin positiboak: estimulu mingarriarekiko arreta galtzea, eta beldurra nahiz antsietatea murriztea. Urtean 4.500 haur inguru joaten dira Odol-ateratze Pediatrikoen Unitatera, eta horietatik 2.500 haurrentzat izan daiteke onuragarria adierazitako prozesua.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako Zuzendaritzaren eta Berrikuntzako eta Kalitateko Zuzendariordetzaren lankidetzaren emaitza da programa. Erizaintzako Best Practice Spotlight Organization (BPSO) erakundeak emandako gomendioetan oinarritu da, beharrezkoa denean tratamendu farmakologikoa emateaz gain farmakologikoak ez diren estrategiak ere eskaintzeko mina tratatzeko.

Ildo horretatik, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako Zuzendaritzak eta Berrikuntzako Zuzendariordetzak jarraitzen dute hainbat azterlanetan lan egiten, hala nola zauri konplexuen tratamenduan errealitate birtuala erabiltzea jorratzen duena. Azterketa horren bitartez, paziente helduei sendaketak egin bitartean sentitzen duten mina ebaluatuko da, lesioaren bilakaera miatuko da, pazientearen esperientzia aztertuko da, eta teknologia hori erabiltzeak duen eragin ekonomikoa baloratuko da.