Eusko Jaurlaritzak eta Arartekoak herritarren hizkuntza eskubideen alde lanean jarraitzeko akordioa sinatu dute

0
PRUEBA

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak eta Arartekoak datozen lau urteetarako sinatu dute hizkuntza eskubideen alde lanean jarraitzeko hitzarmena. Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta Manu Lezertua Arartekoak bilera izan dute gaur Gasteizen 2028ra arte indarrean egongo den akordioa sinatzeko.

Akordio honi esker bi erakundeak lankidetzan arituko dira herritarren hizkuntza eskubideen babesean. Elebidek eta Arartekoak sinatuko duten hitzarmena koordinazioan, elkarlanean, eraginkortasunean, elkarrekiko informazioan, elkarlaguntzan eta erakundeen arteko leialtasunean oinarrituko da. Horrela bi erakundeen helburua hizkuntza oinarri duen bazterkeriaren aurrean herritarrak babesteko elkarlana zehaztea eta egonkortzea da eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideen babesa sustatuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Arartekoak sei hilean behin bidaliko dizkie elkarri iritsi zaizkien kexak eta euskal herri administrazioen jardun eremuan hizkuntzagatik gerta daitezkeen bazterketen edo hizkuntza eskubideen urraketen gainean dituen informazioak. Partekatuko den informazio horrekin azterketa tekniko-juridiko bateratuak egingo dira ondorio komunetara iristeko. Informazio truke horretan ez dira inoiz datu pertsonalak erakunde batetik bestera transmitituko.

Elebidek eta Arartekoak sinatutako akordio berri honi esker hizkuntza-eskubideak sustatzeko eta horien inguruan kontzientziatzeko jarduerak ere antolatuko dira, hala nola, mintegiak, jardunaldiak, kanpainak edota prestakuntza jarduerak.