- Gobernu Kontseiluan musika eskolentzako dirulaguntzak onartu dira; 13.700.000€ eskola publikoentzat eta 2.728.810€ pribatuentzat
Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu ditu udal titulartasuneko musika-ikastetxeen eta ikastetxe pribatuen kostuak finantzatzen laguntzeko dirulaguntzen deialdiak arautzen dituzten Aginduak. Bi deialdiek 16,4 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko dute.
Musika eskola publikoen kasuan, udal titulartasuneko musika eskolak dira laguntzen onuradunak – arautu gabeko irakaskuntzak ematen dituztenak-, eta bestetik, baita udal titulartasuneko musika kontserbatorioak ere, irakaskuntza arautuak ematen dituztenak (oinarrizkoak zein profesionalak).
Ikastetxe pribatuen kasuan, 2.383.810 euro % 25eko edo hortik gorako udal-finantziazioa duten musika-eskola pribatuetarako izango dira, eta 345.000 euro %25etik beherako udal-finantziazioa duten musika-eskola pribatuetarako eta titulartasun pribatuko baimendutako musika-zentro profesionaletarako.
Musika-eskolek musika ez-arautuaren irakaskuntzak eskaintzen badituzte ere, funtsezko zeregina dute. Adin guztietako pertsonek jotzen dute horietara musika ikastera, euren zaletasuna baita. Gaur egun, Euskadin 85 musika-eskola daude, publikoak zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute horietan.
Musika-irakaskuntzak irakaskuntza artistikoen parte dira, eta Euskadin, berriz, haien erreferente nagusia. Tradizioz, interesa piztu dute euskal herritarren artean eta horregatik, administrazioek behin eta berriz egin dute ahalegina haien garapena bultzatzeko, bereziki, toki-administrazioetan. Era berean, ekimen pribatuak ere horretan laguntzen du, egoera eta eremu geografiko jakinetan, irakaskuntza horiek gizartera hurbiltzen eta zabaltzen.
Laguntza-lerro hauen helburua da musika-zentroei eusten laguntzea. 2023-2024 ikasturteari dagozkion langile, ekipamendu eta funtzionamendu-kostuetan laguntzera zuzenduta daude.